Oñatiko udala

Eltziak asteburuan ireki ditu ateak, hiru hilabete eta erdiren ostean

2020/07/06
Card image cap
Protokoloa eta Kontingentzia plana osatu dute erabiltzaileek eta asanbladan onartu

  Musika Eltzia osatzen duten kideez gain beste 24 taldeetatik 10 izango dira hemendik eta iraila bitartean Eltziako instalazioetara itzuliko diren erabiltzaileak. Aurrez, osasun eta higiene protokolo edo arautegia zehaztu zuten guztien artean eta Kontingentzia plana ere bai, Udalaren laguntzaz.

  Eltziarako sarrera-irteerak berezitu dira eta leku komunetan musukoaz ibili beharko da. Sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da eskura eta guztiek erabiltzen dituzten tokiak eskuekin ukitzea saihestea eskatzen da. Gela bakoitzean egon liteken gehienezko pertsona kopurua mugatu da, sarrera eta pasilloetan jende pilaketak saihestea eta ahal dela, gelak ez konpartitzen saiatzea eskatzen da. Gelak zenbatero eta nola garbitu ere finkatu da arautegian.

  Kontingentzia plana ere adostu da erabiltzaileen asanbladan. Plan hori osatzeko Udalaren laguntza izan dute Eltziakideek eta oinarria, Zubikoako kontingentzia plana izan da. Baina Eltziako funtzionamendu eta beharretara egokitu dute guztien artean.

  Asteburuan ireki ziren Eltziako ateak eta hemendik eta irailera bitartean 10 bat talde itzultzea espero da. Horiei, Musika Eltziako erabiltzaileak batu behar zaizkie. Hori bai, guztiek, zinpeko aitortza dokumentua sinatu dute Protokoloa eta Kontingentzia plana irakurri eta onartzen dutela adieraziz.

  Eltziako instalazioak hiru hilabete eta erdiz itxita egon dira, martxo erdialdetik, hau da, osasun alarma indarrean sartu zenetik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!