Eltzia taberna-kafetegia ezagutzeko hiru bisita berri programatu dira

2018/06/11
Card image cap
Zerbitzua kudeatzeko interesa dutenek instalazioak ikusteko aukera izango dute, bihar, etzi eta etzidamu

  Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko prozesu berria jarri du martxan udalak. Oraingoan publizitate gabeko prozedura negoziatu bidea erabiliz egingo da. Horrek esanahi du iragarkia Gipuzkoako Aldizkarian argitaratu gabe, udalaren zuzeneko medioak erabiliz zabalduko dela. Prozedura zuzenduko duen plegu tekniko eta administratiboa udaleko web atarian zintzilikatu da, tramiteak atalean, interesa dutenek aztertu ditzaten. Interesatuek proposamenak aurkezteko ekainaren 27an, 14:00ak arteko epea izango dute.

  Aurreko deialdian egin zen bezala, Eltziako tabernako instalazioak ezagutu nahi dituztenentzat, hiru bisita programatu dira astearte, asteazken eta ostegunerako. Bihar, 10:30tan egingo da bisita, asteazkenean, 14:00tan eta ostegunean, 17:00tan. Egun eta ordutegi ezberdinetan finkatu dira interesa duen orok bisita egiteko aukera izan dezan. Bisiten antolaketa errazteko, izena aurrez ematea eskatzen zaie interesatuei udaletxera telefonoz deituta: 943.780411 zenbakira. Bisiten ordutegiarekiko 10 minutu arteko kortesia denbora itxarongo da eta bisita, bildutako interesatuekin hasiko dute udal teknikariek.

  Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko udalak finkatu duen lizitazio aurrekontua 50 euro gehi BEZa da, hileko. Horren pareko edo gaineko proposamenak aurkeztu beharko  dira, jakinik, eskaintza ekonomikoa izango dela zerbitzua esleitzeko irizpide nagusia. Eltziako taberna-kafetegi zerbitzuaren gutxieneko egutegi eta ordutegia ere finkatu du udalak; astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara ireki beharko da eta larunbatetan goiz eta arratsaldez: 10:00etatik 14:30tara eta 16:00etatik 20:30tara. Hori, gutxienez bete beharreko zerbitzua izango da. Taberna-kafetegia zabalik dagoen bitartean, Eltziako sarrera nagusiko atea  eta Topagunetik klaustrorako atea ireki eta itxi beharko du bertako arduradunak.

  Kontratazio baldintzetan, hizkuntza betebeharrak ere zehaztu dira. Hala, zerbitzariek, bezeroarekin zuzenean ari direnek, euskaraz jakin beharko dute eta B2 gaitasun maila izan beharko dute ahozko trebetasunean. Gainera, inprimakiak eta oharrak euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko dira.

  Eltziako tabernaren ustiaketa prozesuari dagokion baldintza plegu osoa udaleko web atarian edota udal bulegoetan eskuratu daiteke. Proposamenak ere, udal bulegoetan aurkeztu behar dira ekainaren 27ra bitartean.  Kontu egin behar da proposamenak aurkezteko momentuan, edo lehenago, autonomoetan alta emanda egon edo enpresa izaera eduki behar dela.  Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urtetarako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!