Elorregiko bus geltokian komuna jartzeko lanak eztabaidagai gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2022/07/14
Card image cap
Futbol zelai berria egiteko kokaleku aukerak aztertzeko lana bideratzea ere proposatuko da

  Herritar askok espero dituzten erabakiak hartu daitezke arratsaldeko bileran; Elorregiko autobus geltokian komuna jartzeaz eta futbol zelai berria egiteko kokapen aukerez berba egingo dute gobernu taldeko kideek.

  Elorregiko biribilgunean autobus geltokia eta komuna egokitzeko lanen zuzendaritza kontratatzea aurreikusten da. Izan ere, Elorregin bat egiten duten hiru udalak eta garraio publikoaren ardura duen Foru Aldundiak urratsak eman dituzte geltokian komuna jarri dadin. Bergara, Arrasate eta Oñatiko udalek lanen finantzaziorako eta mantenurako lankidetza hitzarmena onartuko dute aurki eta Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketarako departamentuak ere finantzaketan parte hartzeko konpromisoa dauka.

  Autobus geltokiaren inguruan bizikletentzako aparkalekua eta komuna jartzeko oinarrizko proiektua 2020an idatzi zen eta exekuzio proiektua berriz, iaz. Exekuzio proiektu hori egungo egoera ekonomikora egokitu behar da eta, bide batez, lanen zuzendaritza egiteko zerbitzua ere kontratatu behar da. Gaia, arratsaldeko batzarrean eztabaidatuko da.

  Oñatin futbol zelai berri bat egiteko beharraz ere sarritan berba egin dute udalbatza osatzen duten kideek. Jeltzaleek, esaterako, Berezao proposatu izan dute. Baina beste kokapen aukera batzuk ere egon litezke eta horiek identifikatzeko azterlana egiteko kontratuaz arituko dira gaurko bileran gobernu taldeko kideak.

  Garapenearen aldeko nazioarteko lankidetzara zuzendutako dirulaguntzen banaketaz ere xehetasunak emango dira 17:00tan hasiko den bileran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!