Oñatiko udala

Elkartasun txokolatadan ia mila euro bildu ziren atzo

2024/02/14
Card image cap
Txokolatea prestatzen
Gineako "Oñati" eskolara bidaliko ditu misio taldeak

  Ia mila euro batu zituen parrokiako misio taldeak atzo, inauteri jaiaren baitan, plazan eskainitako txokolatearekin. Gastuak kenduta, 926 euro izango dira Gineako Dhaguel herrian eraikitzen ari diren Oñati eskolarako. Konkretuki, neska gazteentzako formazio tailerra hornitzeko.

  2019an jarri zuen martxan Gineako elkartasun proiektua misio taldeak. 5 eta 12 urte arteko neska-mutikoentzako eskola  eraiki dute han eta 2021-2022 ikasturteaz geroztik 160 bat haurrek ikasten dute bertan. Orain, 12-16 urte arteko neska gazteentzako formazio-espazio bat prestatu nahi dute, ofizio bat erakusteko; joskintza. Tailer-eraikina bukatuta dago eta barrualdea hornitu edo janztea falta da. Udarako prest egotea da helburua.

  Parrokiako misio taldeak eskerrak publikoki eman dizkie atzoko txokolate solidarioan laguntzaile izan zituzten Betik, Gereta eta Lacturale enpresei eta ekimena posible egin zuten guztiei. Baita herritarrei ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!