Oñatiko udala

Elkar Heziren Arantzazuko ama kaleko eraikina birmoldatzen ari dira pedagogia proiektura egokitzeko

2022/02/08
Card image cap
Eskolako aretoa zegoeneko solairu osoa berrituko da

  Elkar Hezi ikastetxearen hezkuntza proiektuaren baitan hainbat ildo berri jorratzen ari dira azken urteotan: mindfulness, estimulazio goiztiarra, edota tertulia dialogikoak, besteak beste. Proiektu horiek espazio behar konkretua zuten eta horri erantzun ahal izateko, NONDIK aholkularitza enpresara jo zuen eskola zuzendaritzak. Aldi berean, partaidetza prozesu bati ekin zioten hezkuntza komunitate osoa inplikatuz. Ikasle, irakasle eta tekniko adituen artean lehentasunak zehaztu ziren eta horiek kokatzeko gune egokia eskolako aretoa eta solairu bereko beste gelak zirela erabaki zuten. Birmoldaketa lanak bertan egiten hasi dira.

  Lau gune berri eratuko dira beheko solairu horretan. Erabilera anitza izango duen areto txikiagoa egokituko da, oholtza ere guzti, eta besteak beste, mindfulness edota irakurketa tailerrak egiteko gunea izango da. Estimulazio goiztiarra egiteko aparatu espezifikoz hornitutako gunea ere izango da, haur txikiekin psikomotrizitatea lantzeko. Hainbat txoko izango dituen espazio lasaia deitutakoa egokituko da eta jardueretara doazenak hartu eta hauen zain daudenentzako sarrera-egongela gunea. Hainbat komun berri egokituko dira eta solairu honetatik ikastetxeko berdegunera dagoen irteeran dauden komunak ere berrituko dira. Lur azpiko berokuntza sistema ere egokituko da solairu osoan.

  Elkar Heziko ikastetxearen areto-solairua berregokitzeko lanen inguruko hausnarketa eta barne lantze prozesua orain bizpahiru urte abiatu zen. Tartean, koronabirus pandemia sortu da eta horrek, besteak beste, aireztatze neurri berriak ekarri ditu. Horiek hasierako proiektuak txertatu dira eta gerora ikusi diren hezetasun eta bestelako arazoak ere kontutan hartu dira. Lanen ondorioz, ikasleen sarrera-irteerak egokitu behar izan dira eta lan-eremuaren aurrealdeko espaloia itxita dago. Lanak hasi berri dira eta ekaina-uztailerako amaitzea espero da.

  Egiten ari den lanaren berri zehatza eman eta ikastetxeko proiektu pedagogikoak gunean izango duen lekua aurkezteko Elkar Heziko familiei zuzendutako saioa prestatzen ari da zuzendaritza taldea, otsaila-martxorako. Izan ere, familiek, ikasketa komunitate osoarekin egin zen barne hausnarketa prozesuan parte hartu zuten baina bi urte luze pasa dira ordutik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!