Elkar Heziko EH2 HAKUNA taldeak lehen saria irabazi du STARTinnova programan

Iraun izeneko proiektua landu eta aurkeztu zuten STARTinnova programara. Produktu teknologikoak epe labur baterako alokatzeko zerbitzua da Iraun. Donostian jokatu zen finalean, oñatiarrek, epaimahaiaren aurrean zuzenean defendatu behar izan zuten lana eta urduri zeudela esan arren, ondo bete zuten egin beharrekoa. Epai mahaiak lehen saria oñatiarrei ematea erabaki zuen.
Lau lagunek osatzen dute EH2 HAKUNA taldea, Ainhoa Urzelaik, Gurutze Ampudiak, Jon Bartolomek eta Maider Barrenak. Tutore lanetan berriz, Beatriz Kortabarria irakaslea aritu da eta Mendaroko MYL enpresa izan dute lanaren babesle edo mentore. Saria, tablet bana izan da taldekide eta tutorearentzat. Elkar Hezi ikastetxeak ere errekonozimendu oroigarria jaso zuen, finalista izan ziren beste lau taldeetako ikastetxeen antzera. Oñatiarrek 16-17 urte artekoen finala irabazi dute.
Elkar Hezi ikastetxeak urteak daramatza gazteen ekintzailetasuna sustatzea helburu duen lehiaketa honetan parte hartzen. Aurtengoa zazpigarrena zen eta Elkar Hezik azken seiretan parte hartu du. Sariren bat ere lautan eskuratu dute, beraz, neurria ondo hartuta diote STARTinnova programari. Aurten, Elkar Heziko lau taldek parte hartu dute eta aipatu EH 2 HAKUNAk lehen saria lortu du. Zorionak!
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!