Elkar Hezi ikastetxeko talde batek STARTinnova programako finalean parte hartuko du
Gazteen ekintzailetasuna sustatzea helburu duen lehiaketa da STARTinnova. Zazpigarren ikasturte honetan Gipuzkoako 200nen bat taldek hartu dute parte, horietatiko lau oñatiarrak, Elkar Hezi ikastetxeko 16-17 urteko ikasleez osatutakoak.
Lehiaketaren lehen fasean partaideek ekintzailetasuna landu zuten eta ondoren, praktikan jarri ahal izateko proiektu-ideia bat hautatu eta garatu dute. Garatutako egitasmoak aztertuta puntuatu egin dira eta finalean Oñatiko taldeetako batek parte hartuko du, beste lau talderekin batera.
Elkar Hezi ikastetxeko EH 2 HAKUNA izeneko taldea Ainhoa Urzelaik, Gurutze Ampudiak, Jon Bartolomek eta Maider Barrenak osatzen dute. Iraun izeneko proiektua landu dute; produktu teknologikoak epe labur baterako alokatzeko zerbitzua da Iraun. Beatriz Kortabarria tutorearekin landu duten egitasmo honek MYL enpresaren babesa dauka.
Finalerako sailkatu diren bost taldeek landu dituzten proiektuak defendatu beharko dituzte enpresa, unibertsitate eta jarrera ekintzaileak sustatzen dituzten adituen aurrean. Aurkezpen publikoa otsailaren 27an izango da Donostiako EHUko kanpuseko Ignacio Maria Barriola eraikineko auditoriumean. Puntuazio handiena lortzen duten hiru taldeek saria jasoko dute.
Ez da lehen aldia Elkar Hezikoek STARTinnova programan parte hartzen dutela. 2016an, esaterako, finalerako sailkatu ziren 5 taldeetatik 3 Oñatiko ikastetxeko ikasleenak ziren.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!