Elkar Hezi ikastetxeari eta Txantxiku Ikastolari hainbat udal eraikin lagatzea onartu zen azken Osoko Bilkuran

2016/05/03
Card image cap
Santa Marinan, Foruen Enparantzan eta San Juan kalean egun ikastetxeek erabiltzen dituzten lokalen lagapena eguneratu da

  Bi kasuetan, lagapena eguneratzeko arrazoiak ezberdinak izan dira. Elkar Hezi ikastetxeak izan duen barne egituratze prozesu baten ondorioz, titularitatea aldatu egin da eta Ereitten Fundazioak hartu du. Ondorioz, Udalak aurreko titularrekin zuen lagatze hitzarmena berritzea eskatu zen. Bide batez, 10 urtetarako zen lagapena 15era luzatzea eskatu zen. Hala onartu da, eta Santa Marina plazako 2an dagoen eraikina, hezkuntzarako erabiltzeko baldintzapean, Ereitten Fundazioari lagako dio Udalak. Eraikinaren erabilera lagapena 15 urtetarako izango da, aurtengo irailaren 1ean hasi eta 2031ko abuztuaren 31ra arte.

  Txantxiku Ikastolaren kasuan berriz, ofizialki sekula egin ez den lagapen bati ofizialtasun hori ematea erabaki zen. Ikastolak erabiltzen dituen bi udal eraikinen lagapena egingo da: Foruen enparantzako 4a eta San Juan kaleko 1 zenbakiduna.

  Lagapen dokumentuan, bi baldintza jarriko dira: lokalen erabileraren helburua herriko biztanleentzat onuragarri izatea eta aberasteko helbururik gabeko interes publikoko erakunde pribatua izatea eraikinaren titularra. Hau da, Txantxiku Ikastola Kooperatiba. Obrarik egin nahi bada, aurrez Udalari eskatu beharko zaio baimena, eta lanak, beti ere, ikastetxearen kontura egingo dira. Eraikinaren erabilera hezkuntzara lotuta egon beharko dela jaso da baldintzetan eta eraikinen garbitasun, mantentze, kontsumo gastu eta aseguru polizaren ordainketa, ikastetxearen esku geratuko dela. Eskolaren lan hizkuntza euskara izango dela zehazten da bestalde. Elkar Heziren kasuan bezala, Ikastolak erabiltzen dituen bi eraikinen lagapena, 15 urtetarako egitea onartu da, irailaren 1etik, 2031ko abuztuaren 31ra bitartean.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!