Elkar Hezi ikastetxean greba partziala egingo da bihar
Berez lau eguneko greba deitu dute sindikatuek itunpeko ikastetxeetan, gaurtik ostiralera arte, baina Elkar Hezin bihar egitea erabaki dute, eta ez denek. Haur eta Lehen Hezkuntzan erabakia bateratua da eta bihar ez da eskolarik emango Arantzazuko Ama kaleko eraikinean. Legez agintzen diren gutxieneko zerbitzuak beteko dira eta ikastetxera doan haurra hartuko da baina ez da ez eskola garraiorik ezta jangela zerbitzurik ere eskainiko. Santa Marinako eraikinean berriz, hau da, Bigarren Hezkuntzan, erabakia irakaslearen arabera utzi da, batzuek eskolak emango dituzte eta beste batzuek ez. Hala jakinarazi zaie ikasle eta gurasoei.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dituzte aste honetako lan uzteak. Langileen egoera kaxkarra eta patronaletik jaso duten eskaintza murritza salatzen dute. Soldata igoera, lan karga murriztea eta jaiotze tasaren jaitsieraren ondorioz lanik gabe geratzen diren langileen birkokatzeko plangintza egitea eskatzen dute, besteak beste. Patronalaren aldetik berriz, eskaera horietatik oso urrun dagoen eskaintza jaso dutela salatzen dute langileen ordezkariek.
Aste honetarako deitu diren lau greba egunen aurretik urrian beste bi egunetan greba deitu zen, nahiz eta Oñatin ez zen jarraitu. Oraingoan, eta biharko egunera begira,Elkar Hezi ikastetxean greba egitea erabaki dute, partzialki, Haur eta Lehen Hezkuntza bai eta Bigarren Hezkuntzan irakaslearen arabera eskolak emango dira edo ez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!