Elikadura ohituren inguruan hausnartzeko jardunaldiak egingo dira azaroaren 5etik 19ra

2022/11/03
Card image cap
Udalak eta hainbat eragilek hitzaldi, solasaldi, dokumental emanaldi edo irteerak antolatu dituzte

  Elikadura ohiturak, ingurumena eta nekazaritzaren etorkizuna uztatuz informazio eta hausnarketa jardunaldiak antolatu dira. Udala eta aipatu gaiekiko kezka duten hainbat eragilek bat egin dute egitasmoan.

  Nekazal kulturaren gainbeheraz eta honek ingurumenean dituen, eta ekarriko dituen, ondorioez kezkatuta bide horretan joango litzatekeen ikerketa babestu zuen udalak azken Ingurumen beka eman zuenean. Aintzira Oñederrak, Saioa Sesék eta Gislan kooperatibak eskuratu zuten beka eta ia bi urtetan egindakoaren berri emango dute azaroaren 9an. Oñatiko Elikadura Sarearen argazkia ezagutzeko gakoak… zein da datozen urteetarako ibilbide orria? izenburupean osatu duten egoeraren diagnostikoa aurkeztuko dute eta otsaila bitartean zehaztuko duten ekintza planerako oinarriak eta lehentasunak jasotzen saiatuko dira.

  Kontsumo kontzientearen arloan lanean diharduen EHKOlektiboak eta Landarlan taldeak ere bat egin du ekimenarekin eta kontsumo kontzientearen inguruko informazio puntua jarriko dute azoka ondoan larunbatean. Zure platerean hasten da mundua dokumentala eta solasaldia antolatu dute azaroaren 15erako zine aretoan eta 19rako berriz, Bergarako Elkoro baserrira bisita eta produktu dastatzea egingo dute, interesa duten herritarrekin batera.

  Amaia Diaz de Monasterioguren eta Amaia Aierbe nutrizionistek Natur eskolarekin lankidetzan urrian hasi zuten programa ere egitasmo honen baitan kokatuko da. Azaroaren 12an San Martingo ortuetara bisita eginez garaiko produktuak ikusi eta urte-sasoi honetan ditugun beharretara egokitutako eguneroko otorduak nola planifikatu azalduko da.

  Azaroaren 9, 12 eta 19rako antolatu diren ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da aurrez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!