Elena Murgiondo eta Inazio Elorza omenduko dira igandeko Jubilatuen Egunean

12.00tan hasiko den mezaz ekingo zaie jubilatuen eguneko ospakizunei. Meza ondoren eta Musika Bandaren laguntzaz, herriko nagusiak Zubikoa kiroldegira hurbilduko dira, bertan egingo baitira omenaldi eta ondorengo bazkaria.
Urtero bezala, Pake lekuko bazkide nagusienen artean ospakizunera joateko moduan leudekeen emakume eta gizonezko banaren bila aritu dira antolatzaileak. Elena Murgiondo eta Inazio Elorza izango dira domekan Oñatiko jubilatu eta pentsionista guztien ordezkari. Ohiko txapela eta zapia jarrita lore sorta ere oparituko diete. Oñatz dantza taldeko gaztetxoek aurreskua eta dantza saioa eskainiko diete eta Musika Bandak ere hiruzpalau doinu joko ditu. Bertsoak ere kantatuko dira. Ondoren, jubilatuen eguneko bazkaria izango da. Beren txartela erosi duten jubilatuekin batera udal ordezkariak ere kiroldegian izango dira. Guztira 200 lagun pasak parte hartuko dute domekako bazkarian.
Ospakizuna alaitzeko sari ezberdinak zozkatuko dira eta dantzaldia ere ez da faltako.
Domekako ekitaldiekin astelehenean hasi zen Jubilatuen asteari amaiera emango zaio.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!