Ekintza proposamenak egiten zaizkie egunero haur eta gaztetxoei Gaztelekutik

2020/04/01
Card image cap
17:00tan eta 18:00tan zabaltzen dituzte eguneko ekintzak Instagram bidez

  Pasa den astean hasi ziren Kuboko eta Topalekuko hezitzaileak ekintza ezberdinak proposatzen Gaztelekuko erabiltzaileei. Eskolako lanak amaitu eta atsedenerako arratsaldeko orduetan bi ekintza proposatzen dizkiete egunero. Kultura orokorreko hainbat galderei erantzuteko erronka, kuriositateen berri ematea, haur eta gazteek prestatzeko moduko sukaldaritza errezetak, abestiak asmatzeko proba, emozioak kudeatzen ikasteko ariketak, jarduera fisikoak, eskulanak eta dantza saioak dira orain arte proposatu zaizkienak. Horiek, astelehenetik ostiralera. Asteburuan, zapatu eta domeketan, familiakoekin ikusteko moduko pelikula, dokumental eta ikus-entzunezkoak proposatzen baitizkiete hezitzaileek. Gaztelekuko erabiltzaileek soberan ezagutzen duten Instagram kontua da bitartekoa. Astelehenetik ostiralera arteko proposamenak bi izaten dira eta 17:00tan  eta 18:00tan zabaltzen dira.

  Asko dira eskolatik irten eta arratsaldetan, edo asteburuetan, Gaztelekutik buelta egiten duten haur eta gaztetxoak. Bertako hezitzaileekin lortutako hartu-emanari eustea eta bide batez, etxean egon beharreko ordu luzeetarako beste aukera batzuk eskaintzea da ekimenaren helburu bikoitza.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!