Ekainean 8 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin, maiatzeko beheranzko joera indartuz

2022/07/04
Card image cap
317 langabe dago orain herrian, iazko maiatzeko datuen pare eta pandemia aurreko kopurutan, gutxi gora behera

  Herriko langabezia tasa % 6aren azpitik mantentzen da, aurten bigarren aldiz, maiatzean erregistratu zen beheranzko joera berretsi eta indartuz. Tasa, % 5,83 da une honetan, iazko maiatzean edo pandemi aurretik, 2019ko udazkenean, neurtutakoaren pareko. Urteko bigarren hiruhilekoaren batazbesteko langabezia tasa  % 6,07a da.

  Azken hilabetean 8 langabe gutxiago zenbatu dira eta 317 langabe dago Oñatin, orain urtebete baino 13 gutxiago. 44 urtez azpiko emakumeen artean eta 25 eta 44 urte arteko gizonezkoen artean egin du bereziki behera langabeziak ekainean zehar. Baina aipagarria da, maiatzean ere adin tarte horietan murriztu zela langabezia gurean, beraz, horretan ere maiatzean azpimarratu genuen joera berretsi da. Horrek guztiak lana topatu ezinean dauden emakume-gizon portzentajean islatu da; Oñatin, langabeen %58 emakumeak dira eta %42 gizonezkoak, apirilean, kasik puntu bateko diferentzia zegoen, emakumezkoen kalterako.

  Ikusmira zabalduta, SEPE Espainiako enplegu erakundeak jakinarazi duenez, ekainean ia 143 mila langabe zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan, maiatzean baino 2.423 gutxiago, eta iazko ekainean baino 15.634 gutxiago. Lurralde guztietan gutxitu dira langabeak, eta gehien, Gipuzkoan.  Gora egin du, berriz, lanean daudenen kopuruak, Gizarte Segurantzaren afiliazio kopuruak gora egin baitu eta, bataz beste, maiatzean baino 1.077 lagun gehiagok kotizatu dute ekainean. Uda hasiera izanda zerbitzuetan gutxitu da gehien langabezia, bai Hego Euskal Herrian eta baita Oñatin ere.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!