Ekainaren 12ko Herri Galdeketaren aurkezpena egingo da bihar Santa Ana aretoan

2016/03/11
Card image cap
Bide batez, sinadura bilketa kanpainari hasiera emango zaio

  Erain Debagoiena ekimenak ekainaren 12rako iragarri duen herri galdeketaren aurkezpena egingo da bihar Santa Ana aretoan, 12.00tan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestua irakurri ondoren, herritarren talde argazkia atera eta kontsultaren aldeko sinadura bilketa kanpainari ekingo zaio Santa Ana aretoan bertan. Bi hilabeteko epean, Debagoieneko eta Aramaioko biztanleen %10ri dagokion sinadura kopurua batzea da helburua, 6500 sinadura guztira, Oñatin, 1100.

  Pasa den asteburuan, eskualdeko hainbat herritan jada hasi ziren herri galdeketa babesteko sinadurak batzen. Goiz bakarrean 1500 atxikimendu  bildu ziren. Gaur, Elgeta eta Antzuolan ekingo diote sinadurak biltzeari eta bihar, Oñatin. Ondorengo egun eta asteetan ere izango da sinatzeko aukerarik, hartarako ekintzak egingo baitira kalean.

  Otsailaren 27an Arrasaten aurkeztu zen herri galdeketa aurrera eramango duen Erain Debagoiena elkartea. Orduan jada ekainaren 12an Debagoienako herri guztietan eta Aramaion egingo den galderaren berri eman zen:  nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar? Herri galdeketan 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute. Eta partaidetza izan zen hain zuzen ere, bereziki azpimarratu zena. Ekainaren 12an, emaitzaren gainetik, ahalik eta parte hartze handiena lortzea baita Erain Debagoienaren helburua. Mezu horiek errepikatuko dira bihar eguerdian, 12.00tan Santa Ana aretoan egingo den Oñatiko aurkezpenean. Orain arte herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria eta mezua zabaldu eta bere baitan herritarrak biltzen saiatu den Gure esku dago taldeak, oñatiar guztiek gonbidatzen ditu biharko ekitaldira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!