Oñatiko udala

Ekainak 7 eta 9an lehenetsiko dira partaidetzazko aurrekontuetako proposamenak

2022/06/06
Card image cap
Lehen galbahea gainditu duten proposamenak lehentasunaren arabera puntuatu eta zerrendatuko dira

  Partaidetzazko aurrekontuen lehen fasea amaitu da. Guztira, 231 proposamen jaso dira; gehienak, % 60 inguru, online bidea erabilita jaso dira eta postontzietan utzita beste %25, gutxi gora behera. Denetariko proposamenak izan dira, aniztasun handia egon da, udal arduradunek jakinarazi dutenez, baina taldeka sailkatzen hasita, mugikortasuna, irisgarritasuna, azpiegiturak edota ingurumen arlokoak izan dira gehienak.

  Jaso diren proposamenen egokitasuna aztertzea da hurrengo urratsa eta horretarako leheneste saio irekiak egingo dira bihar eta ostegunean. Lehenik, udalbatza osatzen duten bi taldeetako ordezkaritza duen Mahai Politikoak aurkeztutako proposamenak banan-banan aztertu ditu, aurrez zehaztutako baldintzak betetzen dituzten ziurtatzeko; hau da, udalaren eskumenekoak, bi urtetan exekutatzeko modukoak, interes orokorrekoak edota onura publikoa ekarriko dutenak diren ala ez ikusi da, beste hainbat baldintzen artean. Lehen galbahe horren ostean, 158 proposamen onartu eta 73 baztertu dira. Hala ere, onartutako batzuk errepikatuta daude edo oso antzekoak dira. Beraz, 158 baino gutxiago izango dira bihar eta osteguneko leheneste ariketara eramango direnak.

  Proposamenak gaika multzokatu dira eta bihar, azpiegiturak, irisgarritasuna eta mugikortasunari dagozkionak aztertuko dira, hau da, komun publikoak, argiteria, hiri altzariak, espaloiak, zebra-bideak edota aparkalekuekin erlazionatutako proposamenak. Ekainaren 9an, berriz, kirola, aisialdia, zahartzaroa, kultura, jolas-parkeak, landa-eremua, energia berriztagarriak edota mugikortasun jasangarriari dagozkionak, besteak beste. Proposamenak lehentasunen arabera puntuatu eta ordenatu beharko dira.

  Leheneste tailerrak bihar eta ostegunean, ekainaren 7 eta 9an egingo dira, 18:00tan, Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan. Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu saio hauetan parte hartzera, izan proposamenak egin dituztenak edo ez. Parte hartzen dutenen profila geroz eta anitzagoa izan, orduan eta emaitza aberats eta hobea lortuko baita prozesuari begira.

  Leheneste fasea gainditzen duten proposamenak udaleko departamendu ezberdinetan aztertuko dira, bideragarritasun teknikoa, legala eta ekonomikoa baloratzeko. Azkenik, bozkatzeko fasea burutuko da, urrian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!