Oñatiko udala

Eibarko epaitegiak AUTLAN enpresa zigortu du osasun prebentzio neurriak ez betetzeagatik

2022/10/17
Card image cap
Bi langileri kontratuen iraungitzea onartu zaie, eta enpresak kalte-ordaina eman beharko die

  ELA eta LAB sindikatuak elkarlanean aritu dira afiliatu banaren kasuak epaitegietan defendatzeko. Ostiralean kaleratu zen ebazpena lorpen handitzat jo dute biek, zabaldu dituzten prentsa oharretan. Sindikatuek eskatutakoa onartu du epaileak, hau da, lan gaixotasuna aitortua duten bi langileren kontratua iraungitzea eta kalte-ordain gehigarria eman beharra.

  Azido sulfurikozko laino azidoen gehiegizko eraginpean izan eta beharrezko prebentzio neurriak ez hartzeagatik zigortu du AUTLAN EMD enpresa Eibarko epaitegiak. Sindikatuen esanetan epaiak frogatutzat eman du AUTLAN EMDko langileek azido sulfurikoarekin kontaktua izan dutela eta enpresak ez zituela legez zegozkion osasun babeserako prebentzio neurriak bete. Lan segurtasun eta osasunaren arloetan baliagarria den teknologia baliatu behar dela zehazten du ebazpenak, irizpide ekonomikoak alde batera utzita.

  2017 urtera arte enpresa ez zen neurketak egiten hasi. Gainera hauek modu selektiboan egin zituen eta ez laino azidoaren eraginpean egon zitezkeen instalazio guztietan. 2018ra arte ez zizkien langileei babeserako ekiporik eman eta kasu honetan ere, ez langile guztiei eta ezta behar adina espezifikoak, jasotzen ariko liratekeen esposizioari aurre egiteko. 2022an, berriz, 5 langileri lan gaixotasuna aitortu zitzaien. Enpresa langileak zein arriskupean ari ziren jakitun zela dio ebazpenak.

  Aurkeztutako bi langileen kasuak ez ezik, ebazpenak etorkizunean tartekatu daitezkeen beste erreklamazio batzuei bidea ematen diela uste du ELA sindikatuak. Eta langileen osasuna babestu dadin exijitzen jarraituko duela dio, bestalde, LAB sindikatuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!