Ehunka haur eta nerabe udako aisialdi ekintzetan

2018/07/02
Card image cap
Udalak nahiz herriko ikastetxeek eskaintza zabala egiten dute urtero

  Gaur goizean bertan hasi dira udalak antolatzen dituen Udaleku irekiak eta Arte udalekuak. Bietan, inoizko partaidetzarik altuena da aurtengoa, udalekuetan, 580 neska mutikok parte hartuko dute eta arte udalekuetan beste 32 haur eta nerabe. Uztailaren 27ra arte eta astelehenetik ostiralera goizero izango den aisialdi ekintza hauek dinamizatzen 69 begirale arituko dira.  Udalak berak antolatuta eta kirol jarduera sustatzen duen Uda kanpaina berriz, pasa den astelehenean hasi zen. Lehen txanda ostiralean amaituko da eta bigarrena berriz, hurrengo astelehenean hasiko da.

  Baina udalak antolatutako ekintzez gain herriko ikastetxeek ere aisialdi egitarau bereziak antolatzen dituzte udan ikasleentzat, nagusiki ingelesa lantzeko. Elkar Hezin eta Txantxiku ikastolan pasa den astelehenean hasi ziren udako ekintza hauek. Elkar Hezi ikastetxean bi udaleku mota ezberdintzen dira adina eta hizkuntza kontuan hartuta. HH2ko ikasleentzat euskarazko udalekuak egiten ari dira eta koxkortuagoentzat ingelesezko udalekuak antolatu dira Mondragon Linguarekin elkarlanean.

  Txantxiku ikastolan ere, ingelesa oinarri hartuta Enjoy English udalekuak hasi ziren orain astebete. Aurten 68 neska mutiko ari dira, ingelesa ama-hizkuntza duten 7 begiralerekin batera. Enjoy English egitasmoaren metodologia aldatu egin da eta ikasturteko dinamika apurtuta, erabat berritu den programa gauzatzen ari dira, ikastolako eremutik irten eta herriarekin hartu-emanak sustatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!