EH Bilduk larunbatean egitekoa zuen Herri Batzarra bertan behera utzi du, pandemiaren ondorioz

2021/01/27
Card image cap
Hastear dagoen II. Kongresuaren inguruko argibideak eta herri mailako plangintza aurkeztekoak ziren

  10 urte dira jada Bildu lehen aldiz hauteskundeetara aurkeztu zela, 2011ko maiatzean izan zen. Indartsu sartu zen Euskal Herriko agertoki politikoan, alkatetza ugari eta inork gutxik aurreikus zitzakeen emaitzak eskuratuta. Oñatin bertan indar bozkatuena izan zen Bildu eta 11 ordezkari lortu zituen udalbatzan, alkatetza barne. Hurrengo bi udal hauteskundeetan gehiengo hori berritu dute. Egun osatzen duen komunitatea zabaldu eta anitzagoa bihurtzeko asmoz II. Kongresuari ekitera doa EH Bildu. Hala azaldu zen EH Bilduko hainbat ordezkarik atzo egin zuten agerraldian.

  EH Bilduren II. Kongresua inflexio puntu garrantzitsua izan nahi duela esan zen atzoko agerraldian. Duela lau urteko kongresuan zehaztutako norabidean sakontzen jarraitzea da erronka eta ezkerreko alternatiba gisa sendotzea, eskaintza politikoa eguneratzea eta komunitate politiko gisa hazten jarraitzea dela esan zuen Mikel Biainek.

  Egungo egoera politikoaren azterketa partekatu, II. Kongresuaren nondik norakoak azaldu eta herriko urteko plangintza aurkezteko asmoz Herri Batzarra deituta zegoen larubaterako, urtarrilaren 30erako baina bertan behera uzten zela jakinarazi zen atzoko agerraldian. Oso garrantzitsua da guretzat ariketa hau kolektiboki eta espazio eroso batean egitea, are gehiago, pandemiaren eraginez herri batzar bat egin gabe urte bat baino gehiago daramagun honetan. Ikuspegi bikoitzetik heldu nahi diogu abiatzera goazen hausnarketa prozesu honi, perspektiba nazionaletik eta lokaletik, guztion artean herri honek behar duen EH Bildu eraikitzen jarraitzeko adierazi zuen Garazi Goitiak.

  Larunbatean lantzekoak ziren edukiak posta elektronikoz bidaliko dizkiete elkarrekin.ehbildu.eus plataforman inskribatuta dauden guztiei. Bide batez, prozesuan parte hartzeko interesa dutenei aipatu plataforman izena ematera gonbidatzen dituzte, horixe izango baita pandemia egoera honek dirauen bitartean elkar komunikatzeko bide nagusia. Bertatik helaraziko dira egutegia, arautegia eta ponentziak. Zalantzak edo arazorik duenari herriko eragileekin harremanetan jartzea eskatzen zaio, mezua honako helbidera bidaliz: onati@ehbildu.eus.

  Lehen Herri Batzarra informatiboa bertan behera utzi bada ere, asmoa, ekainera bitartean egingo diren beste hirurak aurrez aurrekoak izatea da. Bide batez, EH Bilduk afiliazio kanpaina bati ere ekingo dio datozen asteetan baina horri buruzko xehetasunak laster kaleratuko dituztela adierazi zuten atzoko agerraldian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!