Oñatiko udala

EH Bilduk batu ditu botu gehien Oñatin

2016/09/27
Card image cap
EAJ eta EH Bilduren artean 205 botoren aldea egon da

  Herriko bi indar politiko nagusien arteko aldeak parekatzera egin zuen igandeko hauteskundeetan, beti ere, orain lau urteko datuekin konparatuta. EH Bilduk 2554 boto eskuratu zituen eta EAJk, 2349. Orain lau urte, bien arteko aldea 547 boto ziren, domekan, 205. Oñatin ireki ziren 15 hauteskunde mahaitatik 7tan, EH Bildu izan zen boto gehien hartu zituen zerrenda. Beste 8tan, EAJ izan zen bozkatuena. Baina orokorrean, EH Bildu izan zen hautagaitza bozkatuena gurean, botoen % 43arekin, orain lau urte baino 4 puntu gutxiago. EAJ-k, botoen ia % 40 eskuratu zuen. Horrek esanahi du, Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan EH Bilduk jeltzaleei atera zien 8 puntu eta erdiko aldea, 3 puntu eta erdira murriztu dela.

  EAJk, boto portzentajean gora zuen zuen arren, aipagarria da, orain lau urte baino boto gutxiago jaso zituela. Bai EAJk, bai, EH Bilduk eta baita, PSOE eta PPk ere. Izan ere, boto emaileen kopuruak dexentez behera egin baitzuen domekan. Beste era batera esanda, abstentzioak gora egin zuen. Partaidetza, % 66,6 izan zen Oñatin, 2012ko urrian baino ia sei puntu beherago. Baina orain lau urteko hauteskundeekiko nobedadea, Legebiltzarrerako lehenengo aldiz aurkezten zen Elkarrekin Podemos taldea da. Oñatin, 553 boto eskuratu zituen. Botoen % 9arekin, herriko hirugarren alderdi bozkatuena izan zen. Oso atzetik, eta aurreko hauteskundeekiko botoak galduta,    PSOE-EE 208 bozka lortu zituen eta PPk, 138.

  Gipuzkoan, EAJ izan zen alderdirik bozkatuena, % 34arekin. EH Bilduk berriz, ia % 29 eskuratu zuen, Elkarrekin Podemosek  % 14, PSE-EE ia % 12 eta PP % 7. Horrek esanahi du, Gipuzkoak Legebiltzarrean izango dituen 25 ordezkarietatik 9 EAJkoak izango direla, 8 EH Bildukoak, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEkoak 3na eta PPkoak, 2. Datozen egunetan eratuko den Legebiltzarrean oñatiar bat izango da gainera, Larraitz Ugarte, EH Bildukoa. Araba eta Bizkaiko ordezkariak batuta, jeltzaleek 29 legebiltzarkide izango dituzte, EH Bilduk, 17, Elkarrekin Podemosek 11, eta PSE-EE eta PPk, 9na.

  EAJk gehiengoa lortu duen arren, bakarrik eta gutxiengoan gobernatu, edo beste alderdiren baten babesa bilatu, erabaki beharko du.

  Gora behera handirik gabe, gertaera azpimarragarririk gabe joan ziren Legebiltzarrerako hauteskundeak gurean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!