EH Bildu indar bozkatuena izan da Oñatin, botoen % 52arekin

2020/07/13
Card image cap
Esanguratsua izan da abstentzioa EAEn, % 47,1. Oñatin ez da hainbestekoa izan, % 35,77

  Herriko bi indar politiko nagusien arteko aldea handitu egin zen atzoko hauteskundeetan. EH Bilduk 2.962 boto eskuratu zituen eta EAJk, 2.115. Orain lau urte, bien arteko aldea 205 boto ziren, atzo, 847. Oñatin atzo ireki ziren 15 hauteskunde mahaitatik 11tan, EH Bildu izan zen boto gehien hartu zituen zerrenda. Beste lautan, EAJ izan zen bozkatuena. Baina orokorrean, EH Bildu izan zen hautagaitza bozkatuena gurean, botoen % 52arekin, orain lau urte baino 9 puntu gehiago. EAJ-k, botoen % 37a eskuratu zuen. Horrek esanahi du, Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan EH Bilduk jeltzaleei atera zien 3 puntu eta erdiko aldea, ia 15 puntura handitu dela.

  Abstentzioa zen alderdi guztien kezka atzoko hauteskundeei begira eta halaxe baieztatu da, orokorrean, nabarmen gora egin baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoan. Botoa emateko aukera zuten 100 lagunetatik 47k ez bozkatzea erabaki zuen atzo, hauteskunde autonomikoak 1980an egiten hasi zirenetik abstentziorik handiena da, edo beste era batera esanda, partaidetzarik txikiena. Oñatin ere abstentzioak gora egin zuen arren, ez zen hainbestekoa izan, beti ere, orain lau urteko datuekin alderatuta. Abstentzioa % 35, 77 izan zen atzo Oñatin, 2016an baino bi puntu eta erdi handiagoa.

  EH Bilduk eta PSE-EE orain lau urte baino boto gehiago jaso zituzten atzo gurean, EH Bilduk  408 gehiago eta sozialistek, 9 gehiago. Txanponaren bestaldean, EAJ, PP+Ciudadanos eta Elkarrekin Podemos daude, 2016an baino boto gutxiago jaso zituztelarik. EAJk, 234 boto gutxiago batu zituen, PP-Ciudadanos bikoak, 87 gutxiago eta Elkarrekin Podemosek berriz, 367 gutxiago. Alde horretatik, aipagarria da, talde moretik berezita aurkeztu zen EQUO Berdeak alderdiak 39 boto jaso zituela Oñatin. Eta Legebiltzarrerako hauteskundeetara lehenengo aldiz aurkeztu zen VOX alderdiak berriz, 10 boto.  Aipagarria da, horietako lau San Lorentzo eta Ugarkaldeko biztanleen botoak jasotzen dituen Txiki Txokoko mahai batean zenbatu zirela. VOXek, pasa den azaroko hauteskunde Orokorretan 21 boto lortu zituen Oñatin.

  Gora behera handirik gabe, gertaera azpimarragarririk gabe joan zen atzoko hauteskunde eguna gurean. Posta bidezko botoa eskatu zuten batzuen aldetik izan zen galderarik, bozkatu ez zutela eta zuzenean eman ote zezaketenaren zalantza sortu zen. Behin botoa postaz eskatu eta dokumentazioa jasota, bozka eman ala ez, ezin da egunean bertan zuzenean bozkatu.

  Gipuzkoan, EAJ izan zen alderdirik bozkatuena, % 36,5arekin. EH Bilduk berriz,  % 35 eskuratu zuen, PSE-EE ia % 13, Elkarrekin Podemosek  % 7, eta PP-Ciudadanos  ia % 5. Horrek esanahi du, Gipuzkoak Legebiltzarrean izango dituen 25 ordezkarietatik 10 EAJkoak izango direla, 9 EH Bildukoak, 3 PSE-EEkoak, 2 Elkarrekin Podemosekoak eta PP-Ciudadanosekoa 1. Datozen egunetan eratuko den Legebiltzarrean oñatiar bat izango da baina ez Gipuzkoa ordezkatuz, Arabako legebiltzarkide moduan baizik. Alberto Alonso oñatiarra Arabako PSE-EEren ordezkari gisa arituko da Gasteizko ganberan.

  Araba eta Bizkaiko ordezkariak batuta, jeltzaleek 31 legebiltzarkide izango dituzte, EH Bilduk, 22, PSE-EEk 10, Elkarrekin Podemosek 6, PP-Ciudadanos bikoak 5 eta VOXek 1.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!