Oñatiko udala

EH Bildu 10, EAJ 7; ordezkari kopurutan aldaketarik gabe eratuko da Oñatiko udalbatza berria

2019/05/27
Card image cap
PSE-EE zinegotzia lortzetik 18 botora geratu da

  Udalbatza osatzeko zerrenda ia guztiz berria proposatzen zuen arren, EH Bilduk orain lau urte lortutako babesa berretsi zuen atzo, 10 ordezkari lortuz. Ordezkaritza errepikatzen du baina bototan igo egin da, 483 bozka gehiago eskuratuta. Horrek, Oñatiko EH Bilduren aukera sendotu eta kontsolidatu egiten duela esan digu Izaro Elorzak, okerrik ezean, Oñatiko hurrengo alkateak.

  EH Bilduk, 3.620 bozka lortuta, orain zortzi urteko langa gainditu zuen. Orduan bezala, Oñatin ireki ziren 15 mahaitan indar bozkatuena izan zen. EAJ izan da  bigarren alderdi bozkatuena baina jeltzaleek orain lau urte baino 119 boto gutxiago lortu zituzten atzo, 2.356 boto, hain zuzen ere. Boto horiekin, 7 zinegotzi izango ditu alderdi jeltzaleak. Zazpigarrena dena den, nahikoa estu lortu dute, PSErekiko 18 botoren aldeagatik. Eta PSE-EE da, hain zuzen ere 18 boto horien faltan, udalbatzatik kanpo geratzen den hirugarren aukera. Aspaldiko partez alkategai oñatiarra aurkezten zuen alderdi sozialistak, eta orain lau urteko emaitzekiko 105 boto gehiago eskuratu bazuen ere, 319 boto horiek ez dira nahikoak izan udalbatzan ordezkari bat lortzeko.

  Oñatiko Udalbatza beraz, orain lau urte gertatu bezala, EH Bildu eta EAJren ordezkaritzaz osatuko da, eta orain lau urteko kopuruak errepikatuta, EH Bilduk 10 EAJk 7 ordezkari. Kopuruei izenak jarrita EH Bildutik, Izaro Elorza, Xabier Igartua, Anik Zubizarreta, Iñaki Olalde, Maite Anton, Iker Oñate, Susana Altuna, Bixente Urrutia, Alaitz Kortabarria eta Asier Iraetak osatuko dute udalbatza berria. Eta EAJtik, Ainhoa Galdos, Andoni Altuna, Amaia Erostarbe, Jon Kepa Gerrikagoitia, Marijo Etxegoien, Nerea Altube eta Angel Biainek. Aipagarria da 17 ordezkari horietatik seik udal ardurak izan dituztela aurreko legealditan, eta sei horietatik bost EAJko ordezkariak direla.

  Eta hemendik aurrera zer? Udalbatza berria eratu eta bide batez alkatea aukeratzeko bilera berezia ekainaren 15ean egingo da. EH Bilduk errepikatu duen gehiengoari esker, Izaro Elorzak hartuko du Oñatiko alkate izaten.

  Oñatin, beraz, gauzak apenas aldatu diren 2015eko hauteskundeetan lortutako ordezkaritzekiko. Baina Debagoienean aldaketa esanguratsua Bergaran gertatu da EH Bildu nagusitu baita, EAJren kalterako. Atzoko emaitzen ondoren, EAJ, Debagoienako hiru herritan da lehen indarra: Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan eta EH Bildu beste lautan: Oñatin, Bergaran, Elgetan eta Antzuolan. Horrek, aldaketak ekarriko ditu Debagoienako Mankomunitatera, bertako ordezkariak udal bakoitzak izendatzen baititu eta horretan, herri bakoitzeko indar banaketa islatzen baita. Azken lau urteotan, EAJ nagusi izan da Mankomunitatean. Antzuola aipatuta, Oñatin bizi den zinegotzi bat izango dute jeltzaleek: Miren Elgarresta. EAJko hirugarren hautagaia zen Antzuolan eta ordezkaritza lortu du.

  Batzar Nagusietara begira, berriz, batzarkide oñatiar bat izango da Deba-Urola barrutia ordezkatuz, Mikel Biain, azken zortzi urteotan alkate izan dena. Foru hauteskundeetan ere EH.Bildu izan da Oñatin gehien bozkatu den hautagaitza, nahiz eta udal hauteskundeetan adina botorik ez duen lortu. Udal hauteskundeetan boto emaileen % 56ak EH Bildu bozkatu zuen eta Batzar Nagusietarako portzentaje hori ia % 52ra jaitsi zen. Baina orokorrean, Gipuzkoako mailan, EAJk jarraitzen du Batzar Nagusietan alderdirik bozkatuena izaten, orain lau urte baino bi ordezkari gehiago lortuta, gainera. Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk 20 ordezkari izango ditu, EH Bilduk 17, PSEk 9, Elkarrekin Podemosek 4 eta PPk 1.

  Eta azkenik, Europar Parlamenturako hauteskundeak. Kasu honetan emaitzak orokorrak dira eta ordezkariak Espainia mailan izendatzen diren arren, Oñatiko hauteskunde mahaitan EH Bildu izan zen bozkatuena berriro, 3.148 botorekin, EAJ bigarrena, 2.290 botoekin eta PSE hirugarren 371 botoekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!