Oñatiko udala

EH Bildu 10, EAJ 7, atzoko udal hauteskundeen ondoren Oñatiko Udalbatzaren osaketa berria

2015/05/25
Card image cap
Abstentzioak gora egin duen arren, jeltzaleek, 539 boto gehiago jaso dituzte eta 8. zinegotzia lortzeko 35 botoren beharrean geratu dira

3  Gobernu ardurek sortzen duten desgasteari egotzi dio Mikel Biain alkateak EH Bilduk atzoko hauteskundeetan Oñatin galdu zituen botoak. Orain koalizioan doazen Bildu eta Aralarren botoak batuta, orain lau urte baino 401 boto gutxiago jaso zituen EH Bilduk atzo. Ondorioz, zinegotzi bat galdu du EAJren alde. Baina koalizioak, gehiengo absolutuari eusten dio, Udalbatza osatzen duten 17 ordezkarietatik 10 eskuratuta.

  Portzentajetan, eta kontutan hartuta abstentzioa orain lau urte baino kasik 4 puntu altuagoa izan dela, Bilduk boto emaileen kasik % 52ari eusten dio, aurreko hauteskundeetan baino puntu erdi gutxiago. Beraz, alde horretatik apenas egon den alderik. Baina aipagarria da 10. ordezkaria 35 botoren alde estuagatik irabazi diela jeltzaleei.

  E.A.J. izan da  bigarren alderdi bozkatuena eta honek, bai bototan baita portzentajeetan ere igoera nabaria izan du aurreko hauteskundeekiko. Orain lau urte baino 539 boto gehiago eskuratu ditu eta emandako botoen % 41a jasota, 9 puntu eta erdi irabazi du, beti ere, aurreko hauteskundeekiko. Lortutako ordezkaritzari dagokionean ordea, aldea ez da hain nabaria izan, 7 zinegotzi lortu ditu aurrekoan baino bat gehiago. Baina 8.a eskuratzeko beste 35 botoren beharrean geratu da.

  Oñatiko Udalbatza orain lau urte gertatu bezala, EH bildu eta EAJren ordezkaritzaz osatuko da, PSEk eta PPk aurreko hauteskundeetako kopuruak jaitsita, ordezkaririk gabe jarraituko baitute. Kopuruei izenak jarrita EH Bildutik, Mikel Biain, Irati Etxeberria, Borja Moiua, Nerea Zubia, Kepa Zelaia, Ana Martin, Rafael Kortabarria, Leire Zumalde, Oier Irizar eta Susana Altunak osatuko dute Udalbatza berria. Eta EAJtik,  Miren Elgarresta, Lourdes Idoiaga,  Amaia Erostarbe, Jon Kepa Gerrikagoitia, Ritxar Fernandez, Marijo Etxegoien eta Jabi Balzategik.

  Eta hemendik aurrera zer? Udalbatza berria eratu eta bide batez alkatea aukeratzeko bilera berezia ekainaren 13an egingo da. EH Bilduk errepikatu duen gehiengoari esker, Mikel Biain Berraondok jarraituko du Oñatiko alkate izaten.

  Oñatin, zinegotzi baten aldearekin beraz, gauzak apenas aldatu diren 2011ko hauteskundeetan lortutako ordezkaritzekiko. Baina Debagoienean aldaketa esanguratsuak eman dira. Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan jeltzaleak nagusitu baitira. EH Bildu, aldiz, lehen indarra izaten jarraitzen du Oñatin, Antzuolan eta Elgetan. Horrek, aldaketak ekarriko ditu Debagoienako Mankomunitatera, bertako ordezkariak udal bakoitzak izendatzen baititu eta horretan, herri bakoitzeko indar banaketa islatzen baita. Azken lau urteotan, Bildu nagusi izan da Mankomunitatean.

  Batzar Nagusietara begira, berriz, batzarkide oñatiar bat izango da: Iosu Lizarralde;  azken lau urteotan, Bilduko zinegotzi izan dena. Foru hauteskundeetan ere EH.Bildu izan da Oñatin gehien bozkatu den hautagaitza, nahiz eta udal hauteskundeetan adina botorik ez duen lortu. Udalbatzarako, boto emaileen ia ehuneko 52ak EH Bildu bozkatu zuen arren, batzar nagusietarako portzentaje hori ehuneko 48ra jaitsi zen. EAJ bozkatu zutenen kopurua berriz, ia paretsua izan da udal nahiz foru hauteskundeetan. Horrek esanahi du, EH Bildu eta EAJren arteko aldea murritzagoa izan dela Batzar Nagusietarako bozetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!