Eguraldi euritsuak ez ditu dantzariak kikildu eta auzorik auzo ibili dira goizean Korpuzti jaien mezua zabaltzen.

2013/05/31
Arratsaldean, ikastetxeetara joango dira eta Kasablanka, Ugarkalde eta San Martin etxaldeetan dantzatuko dute. Eguneko erronda, San Martin egoitzan amaituko dute.

  Eta guztien buru, Arkaitz Bengoa izango da, iaztik, Korpus dantzarien kapitain dena. Iaz ez zuen zorte handirik izan eta plazako funtziñoa egin gabe prozesiñoa elizara bideratu zen eta aurten ere dantzariak euritan hasi dituzte Korpus inguruko ekintzak.

  Baina iazko esperientzia horrek balio izan du aurten ere euria egiten badu prozesiñoa Eliza barruan egingo dela iragartzeko, eta ez hori bakarrik, gaur eta biharko Portuko plazatxoan antolatu diren ekintzetarako alternatibak zehaztu eta jakinarazteko. Hala, arratsaldean euria egiten badu, Jose de Azpiazu musika eskolako haize taldeak eman behar duen kontzertua bertan behera geratuko da eta bihar, Zirika Zirkus taldearen emanaldia berriz, Santa ana aretoa aldatuko da. Hori beti ere, gaur eta bihar arratsaldean euria egiten badu.

  Bestelakoan ez dago aparteko nobedaderik aurtengo korpus prozesiñoaren egunean. San Migel eta apostoluen arropa, ileorde eta bestelakoak gertu daude eta baita Santuen irudiak ere. Azken aste hauetan, zenbait iruditan konponketa txikiak egin dira, apurtutako pieza txikiak itsatsi dira. Baina ez da aparteko lanik egin.

  San Frantziskoren estandartea konpondu beharra dago eta litekeena da datorren urterako egitea. Baina lan handia da, 100 urte pasa dituen estandartea guztiz berritu behar delako eta aurrez, duen urrezko hari guztia kendu egin behar delako. Urtebeteko lana litzatekeela adierazi digute apostoladoaren kofradiako kideek. Urtebeteko lana eta ez merkea gainera. Konpontzera eraman ala ez kofradiak uztailean egingo duen bileran erabakiko dute. Baina hala eginez gero, datorren urteko prozesiñoan ikusi ahal izango dugu.

  Prozesiñoarekin jarraituz eta apostoldoaren kofradiak orain urte batzuk hartutako bideari jarraituz, santuz jazten diren kofradiakideak rotatzen, aldatzen jarraituko dute. Aurten berriro ere, Fernando Diaz izango da San Migel jantziko dena eta hau gidatzeko lana duen banderaduna Imanol Arkauz izango da.

  Baina domekara itxaron gabe, Oñatzeko dantzariak ia kalean dira. Euriak kikildu gabe 9ak pasatxo 4 dantzari talde auzo ezberdinetara bideratu dira. Dantzariak eurak dira tradizioz korpus egunaren inguruko ospakizunak badatozenaren mezulari. Aspaldiko usadioari jarraituz, korpus dantzak gaur hainbat auzotan ikusi ahal izan dituzte. Zubillagan, Zañartun, San Pedron, Garagartzan, Madalenan, Uribarrin, Murgian, Larrañan eta Olabarrietan esaterako. Arratsaldean berriz, eskoletan eta Kasablanka, Ugarkalde eta San Martin etxalde berrietan arituko dira. Gaurko erronda, San Martin egoitzan amaituko dute. Eta bihar, dantzok herriko kaleetan eskainiko dituzte. Dantza eskaintza honen truke, Oñatzekoek, auzotarren eta kaletarren dirua jasotzeko ohiturari ere eusten diote.

  Eta dantzarien santu laguntzea, apostoluen janzte prozesua eta tradizioaren inguruko argibideak emanez, bisita gidatu berezia egingo da domeka goizean 10ak laurden gutxitan turismo bulegotik abiatuta. 

  Korpuzti jaixak tarteko bestalde, erdiguneko kaleak tarteka itxiko dira. Bihar, arratsaldeko lasterketa korritu dadin eta domekan, prozesiño garaian ezin izango da TXAKERTUANEko kruzera autoz pasa. Errepidea, Maiatzaren lehena plaza parean itxiko da eta ibilgailuak Portu kaletik bideratuko dira. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!