Oñatiko udala

Eguraldi ateriaren zain daude herri barruko bidegorri sarea osatzeko margoketa lanak egiteko.

2014/12/15
Card image cap
Kiroldegitik Auzaberrira, Lizaur kaletik Euskadi etorbidera eta Bakardadeko Ama kaletik Aita Madinara bizikletentzako bideak gorriz margotuko dira.

Ateri, segidako bi egun noiz izango zain daude herri barruko kale-errepideetan, bizikletentzako bideak margotu ahal izateko. Errepidea siku egon behar da eta margotu ondoren ere pintura ondo lehortu dadin euririk ez egitea beharrezkoa da.

Bizikletentzako bide hauek, Euskadi etorbidea edo Errekaldeko ereduari jarraituz, errepide erdian markatuko dira. Marrak gorriz margotuko dira eta bizikleta irudiak eta trafikoaren norabidea adierazten duten geziak ere margotuko dira.

Margotze lan hauek hiru gunetan egingo dira, herri barruko bidegorri sarea luzatu eta elkar lortzeko ahaleginean. Hala, une honetan kale zaharrak eta Lizaur kaleak bat egiten duten punturaino markatuta dagoen bizikleta bideari jarraipena emango zaio Lizaur kalea, Unibertsitate etorbidea, Portu kale eta Santa Marina plazaren barreneko bideak margotuz. Horrela, bizikleta bidea Euskadi Etorbidean markatuta dagoenarekin lotuko da. Aldi berean, Santa Marinatik Bakardade Ama kalera eta bertatik Aita Madinara doan errepidean ere bizikletentzako bidea margotuko da, amaieran, lehen aipatutako Kale zaharra eta Otadui zuhaiztiko bidegorriarekin lotu eta zirkuitua osatuz.

Tarte honetan, puntu arazotsu bat dago: Santa Marina eta Euskadi etorbideak bat egiten duten gunean, Barue etxe aldamenean errepidea estutu egiten da. Bizikletentzako bidea, tarte honetan ere, ohikoa baino hestuxeago margotuko dutela adierazi digu udaltzain buruak, beti ere, errail bakoitzaren erdialdean.

Herri gunean margotuko den beste bizikleta bideak ez du aurrekoaren loturarik izango oraindik, Kiroldegi aurrealdean hasi eta Bidebarrieta kaleari jarraituz Auzabarriraino margotuko baita. Hortik aurrera, foru aldundiaren jabetzakoa den Gipuzkoa 2630 errepidera doa bidea. Saihesbidera irteteko errotondarekin alegia. Trafiko handiko gunea da eta arazoak sortu daitezkeela ikusita, bizikleten bidea, oraingoz, aurrerago ez eramatea erabaki da.

Baina, Arantzazuko ama kaletik Ultzegin kalera eta Zubibarritik Bidebarrietarako tartean bai, hori ere, bizikleten bidea margotuko da errepidean. Margoketa lan hauek egiten diren bitartean, trafikoa tarteka itxiko dela jakinarazi digu udaltzain buruak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!