Kasablankan jolas anitzeko espazioa egokitzeko lanak laister amaituko dira
Garay enpresa aldameneko haur parkea birmoldatzeko lanak martxan dira. Lehenik, eta belar artifiziala jarri ahal izateko, lur begetala kendu eta hormigoizko zoladura egin zen, pasa den astean. Oinarria prestatuta, jolas-parkea berritzen hasi dira Zarauzko Jolas enpresako langileak, lanak, enpresa honi esleitu bait zitzaizkion.
Bidegorriaren lurrazpiko pasabidearen gainalderantz luzatu da Garay ondoko jolas parkea. Sarreran haur parke berria egokitzen ari dira, ziburuak, txirrista eta malguki bana jarriz eta ping-pong mahaia ere sarrerako horretan kokatuko da. Horien segidan berriz, gunearen barrualderantz, 20 X 8 metroko tamaina duen jolas anitzeko espazioa eratuko da.
Futbolerako 2 ate eta saskibaloirako 2 saski izango dituen espazio berria itxitura batez inguratuko da. Belar artifiziala jarriko da zoruan baina horretarako eguraldi lehorra behar da. Bihar eta etzirako euria iragarrita dagoenez, azken lan horiek datorren aste hasieran egitea aurreikusten da. Kasablankako jolas parkean egokituko den jolas anitzeko espazio horren antzekoa da postetxe atzealdean dagoena.
Garay ondoko jolas parkearen birmoldatze lan hauek 54.000 euroko aurrekontua dute, hormigoizko zoladura eta jolas anitzeko espazioaren hornidura eta instalazioa barne delarik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!