Eguna amaitzerako elur kota 400 metrora jaitsi daitekeela iragarri duten honetan, udalak neguko protokoloa gertu du.

2013/01/22
Guztia koordinatzeaz arduratuko diren udal langileak eta baliabide materialak prest daude. Udal biltegia berriz, gatzaz gainezka dago.

  Euskalmet-ek emandako eguraldi prebisioa betetzen bada, kale mailan oraindik ez du elurrik egingo baina bai goialdeko auzoetan. Eguna amaitzerako eta bereziki bihar goizaldera elur kota, 400 metrora jaitsi daitekeela iragarri baitute. Horrek, auzo bideetan arazoak sortu ditzake, bereziki bihar lehen ordutan.

  Halakoei aurre hartzea garrantzitsua da. Horretxegatik, udalak neguko protokoloa zehaztuta dauka.
Protokolo horren arabera, lau udal teknikari izendatu dira unean uneko beharren arabera dauden baliabide tekniko eta pertsonalak lanean jartzeko.

  Pertsonal aldetik, aipatu tekniko horiezaz gain, udal brigadako langileak eta udalak halakoetarako hitzartuta dituen enpresetako langileak aipatu behar dira. Bai, kale garbitzaileak, bai lorezaintza lanetan aritzen direnak eta baita, auzo bideak garbitzeaz arduratzen diren langileak ere.

  Baliabide material aldetik, udalaren bi ibilgailu elurra kentzeko palak edo gatza botatzeko elementuak jartzeko moduan daude. Baina halakoetan, kanpoko enpresa bat ere kontratatzen da, auzo bideak garbituz, zerbitzu osagarria emateko.

  Kalea garbitzeko berriz, eskuz manejatu daitezkeen pala-makinak ditu udalak. Halako 4 ditu. Kale garbitzaileei eta lorezainei bana utzita ditu eta beste biak, brigadako langileen esku daude. Makina hauen erabilpen ardura bezala, eremua ere zehaztuta dago. Herria, lau zatitan banatuta dago eta bakoitzak badaki, zein gune garbitu behar duen. Eskuz manejatzen diren makina hauek elurra garbitu ez ezik, gatza botatzeko aukera ere ematen dute.

  Eta gatz faltarik ez da une honetan Oñatin. Iaztik geratzen zen gatza osatuz beste bi kamioikada ekarri dira eta biltegian, une honetan 60ren bat tona gatz daudela esan digute udal teknikoek. Beraz, neguan sortu daitezkeen beharrei aurre egiteko nahikoa badago.

  Aipagarria da bestalde, udalak 60ren bat pala erosi zituela herritarren esku uzteko. Alegia, udalak bere aldetik hartu ditzakeen neurriez gain, herritarrei ere, parte hartzeko eskatu ez ezik, bitartekoak eskuratzeko gertu dago udala. Eta kalean elurra egiten duenerako, norberaren etxe aurrea eta garaje ataria garbitzeko palak herritarren esku uzteko moduan dela. Garai bateko auzolanaren izpiritua  berreskuratzea aldarrikatzen dute udal arduradunek.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!