Oñatiko udala

Eguerdian berrekin zaie pentsionisten elkarretaratzeei

2021/09/06
Card image cap
Pentsiodunen elkarretaratzea, uztailean
Udako etenaren ondoren astelehenero plazan bilduko dira berriro

  Uztailean iragarri zutena beteaz gaur plazan berriro elkartu dira herriko jubilatu eta pentsionistak, pentsio duinak eta osasun eta asistentzia zerbitzu publikoak aldarrikatzeko.

  Pentsioen inguruan hainbat nobedade izan dira uztaila eta abuztuan: pentsioen sistema erreformatzeko lehen neurrien inguruko akordioa sinatu zuten Espainiako gobernuak, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuak, uztailaren 1ean, eta hartarako lege proiektua onartu zuen Ministroen kontseiluak abuztu amaieran. Horren arabera aurreko urteko inflazioarekin lotuko da pentsioen errebalorizazioa eta ondorioz, 2013an onartutako jasangarritasun-faktorea ezabatuko da, pentsionistek eskatzen zutena beteaz. Baina lortutako akordioaren haritik, sistema pribatizatu eta pentsioen murrizketak larriagotzeko arriskua ikusten dute hainbat pentsionista kolektibok. Horregatik azpimarratzen dute pentsio publiko duinak eta nahikoak bermatuko dituen Gizarte Segurantzako sistema publikoa aldarrikatzen jarraitzeko beharra; argindarraren prezioaren igoera, banketxeetako zerbitzuen murrizketak edota komisioen igoerak salatzen jarraitu behar dela diote. Horretan hasi dira Oñatiko pentsionistak gaur, astelehen eguerditako elkarretaratzeei berriro ekinez.

  Elkarretaratzeok 12:00tan hasten dira, plazan. Eta asteleheneroko elkarretaratzeez gain, hilean behin Olakuan ere egiten dira, hileko azken ostiraletan.

  2018ko urtarrilean ekin zioten Oñatiko pentsionistek astelehenero elkartzeari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!