Eguerdian argitaratu dira Covid-19ari aurre egiteko hartutako neurri berriak

2020/11/06
Card image cap
Udal arduradunak dekretua aztertzen ari dira baina dagoeneko erabaki da zine emanaldien ordutegia aldatzea.

  12:30ak inguruan argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Urkullu lehendakariak atzo aurreratu zituen neurri murriztaile berrien dekretua. Horixe aztertzen dihardute gobernu taldeko kideek udal zerbitzuei zenbateraino eragiten dieten ikusi eta erabakiak hartzeko. Kirol arloko gaiak zehazteko Foru Aldundiak deituta bilera egingo ei da arratsaldean. Eskola kirola, kirol federatua nahiz partikularren kirol jardueraren inguruan argibideak eman eta erabakiak  bateratzeko irizpideak eztabaidatu asmo dela aurreratu digu Izaro Elorza alkateak.

  Dekretuak zehatz-mehatz zer dioen zain egon gabe eta neurri berriak bihar indarrean sartzearen zain egon gabe Kultura departamentuak zine emanaldien ordutegia berriro egokitzea erabaki du. Emanaldi guztiak aurreratu egin dira, haurren emanaldiak 16:30tan hasiko dira eta gainontzekoak 19:00tan, izan zine komertziala izan zine kluba. Helburua, zine proiekzioak 21:00tarako amaituta egotea da, kultur jarduerak bukatzeko zehaztu den muga bete dadin. Aste honetarako sarrera erosita zutenei dirua itzuli egingo zaie. Internet bidez erosi zutenei bide beretik itzuliko zaie, Txokolateixan erosi zutenek berriz, bertatik pasata berreskuratuko dute sarrera-dirua.

  Asteburuko emanaldietarako sarrera berriak eskuragarri jarri dira jada. Musikegunak zikloari dagozkion kontzertuen ordutegia 19:00tan mantentzen da eta Beratu jaialdiaren baitan antolatutakoak jada aurreratuta zeuden eta horiek ere bere horretan mantenduko dira. Horiek, oraingoz, udalari dagozkion zerbitzuen arloan erabaki direnak.

  Orokorrean, eta Urkullu lehendakariak atzo aurreratu zuenaren arabera, ostalaritza lokalak, taberna eta jatetxe, ezingo dira ireki bihartik aurrera, hoteletako eta ostatu hartuta dauden bezeroen zerbitzurako beste ostatu batzuetako jantokietan izan ezik. Etxez etxeko otorduak prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, edo bertan jasotzeko aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Itxieratik salbuetsita geratzen dira gasolindegietako eta zerbitzuguneetako jatetxe-zerbitzuak errepidez zirkulatzen ari diren pertsonentzat, osasun-zentro eta zerbitzuetakoak, zerbitzu sozio-sanitarioetakoak, eskola, lan  eta unibertsitate-egoitzetako jantokiak eta izaera sozialeko jantoki-zerbitzuak.

  Merkataritza establezimenduak 21:00tan itxi beharko dira, farmazia eta gasolindegiak izan ezik. Eta 21:00tarako, esan bezala, kultur ekitaldiak amaitu beharko dira baita ere. Etxeratze ordutegia aurreratu eta 22:00tan izango baita bihartik aurrera, 22:00tatik 6:00ak arte.

  Bertan behera geratzen dira musika- eta ahots edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak.

  Bihar bertan indarrean sartuko dira dekretu honetan aurreikusitako neurriak. Hauen jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!