Oñatiko udala

Egongela-kamerino bat prestatzen ari dira Santa Ana aretoan

2023/02/27
Card image cap
Eszenatokiaren atzealdeko biltegia atontzea erabaki da, goiko solairuan dauden kamerinoen osagarri

  Santa Ana antzokian arte eszeniko eta musika emanaldi ugari programatzen dira urtean zehar. Oholtzatik ohiko kamerinoetara iristeko bi pisu igo behar dira eta funtzioa martxan dagoenean deserosoa gertatzen da. Eszenatokiaren atzealdean zegoen biltegia egokitu eta egongela-kamerino bihurtzea erabaki zen, eta lan horretan ari dira pasa den astelehenaz geroztik.

  Biltegia artistak egon edo aldatzeko gela moduan prestatuko da, ondoko komuna zaharberrituko da eta oholtzatik egongela eta komunerako bidea irisgarri egingo da. Lanak egiteko herriko hiru diseinu eta interiorismo enpresetara jo zen aurrekontu eske eta Kaio diseinu eta barne apainketa enpresarena lehenetsi zen, merkeena baitzen. Lana, 20.400 eurotan esleitu zen.

  Astelehenean hasi ziren Santa Ana aretoko eszenatoki atzealdeko biltegia egokitzeko lanak eta ostiral honetan bertan amaitzea aurreikusten da. Hala, aktore eta musikariek, lasai egon edota aldatzeko gune goxoa izango dute aurrerantzean, eszenatokitik hurbil. Aretoaren bigarren solairuan dauden dutxa eta aldagelen osagarri izango da orain atontzen ari diren gune berria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!