Oñatiko udala

Egoki birziklatzearen aldeko sentsibilizazio kanpaina egiten dihardu Mankomunitateak , Udalarekin elkarlanean

2022/09/13
Card image cap
Esekitokietan egin diren hobekuntzak eta zalantzak argitzeko gutuna eta esku-orriak banatzen ari dira

  Birziklatu zalantzarik gabe esku-orrian etxean sortzen diren hondakin ezberdinak nola, noiz eta nora atera edo eraman behar diren xehetasunez azaltzen da. Hondakin asko gaika kubo edo poltsetan atera behar dira esekitokietara eta bolumen handikoak, sukaldeko olioa, ehunkiak , botikak edota pilak nora eraman ere argitzen da. Urrutxuko garbigunera zer eta noiz eraman daitekeen zehazten da Oñati eta Antzuolarako propio prestatu den esku-orrian. Garbigune ibiltariaren zerbitzuaz edota herrian dauden bi larrialdi guneen berri ere ematen da.

  Aldi berean, esekitokietan egin diren egokitzapenen berri ematen duen gutuna erantsi zaio Mankomunitatearen informazioari. Beheko posizioetan zeuden esekitokiak anulatu eta gorago jarri dira, erosoagoak izan daitezen eta kubo edo poltsak lurrean uzteko joera zuzentzeko. Txanpon formako krisketak ere jarri dira esekitokietan, haizeak edukiontziak eraman ez ditzan. Tarteka egiten diren ikuskaritzak udazken aldean eguneroko bihurtzeko asmoa dagoela ere iragartzen da idatzian, hondakinak era egokian ateratzen direla ziurtatu eta herritarrei argibideak eman ahal izateko. Izan ere, azkenaldian zenbait jarrera ezegoki antzeman baitira gurean, eta horrek, gaikako bilketa portzentajeak behera egitea eragin du.

  Uztailean bederatzi urte bete ziren hondakinen bilketa sistema aldatu zenetik. Sistema berriak gaikako bilketan hobekuntza nabarmena eragin zuen eta birziklatze portzentajea % 36tik % 80-81era pasa zen gurean. Azken urteetan joera motelduz joan da eta iaz % 77,21a birziklatu zen. Hala ere, portzentajea Gipuzkoako bataz bestekoaren edota Europar Batasunak jarritako helburuetatik oso goitik dago.

  Birziklatzearen aldeko jarrera indartu eta ezegokiak diren jokaerak zuzentzeko sentsibilizazio kanpainak tarteka egin ohi ditu Debagoieneko mankomunitateak Udalarekin elkarlanean. Halako bati ekin berri dio, gutunak, esku-orriak eta gaikako bilketa egunak gogorarazten duten imanak etxeetara banatzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!