Egoitza eremutik kanpora hasi dira irteten San Martingo egoiliarrak
Oñatiko intzidentzia pilatua 400dik gora dagoela eta, San Martingo egoiliarren irteerak egoitzaren eremura mugatuta egon dira azken asteetan. Baina eremutik kanpora irten eta Oñatin barrena ibili daitezke, atzotik. Hori bai, irteerak egiten dituzten senitartekoen datuak jasotzen dira balizko kutsatze kasurik balego, zuzeneko kontaktuen haria errazago kontrolatzeko.
Egoiliarrarekin paseora joango den senitartekoa ez da egoitzara sartzen eta bertako langileek laguntzen dute egoiliarra atariraino, bai irteeran zein itzuleran, eraikin barruko babes-protokoloak bere horretan jarraitzen baitu. Hau da, egoitza barruko eremuak sektorizatuta edo solairuko isolatuta jarraitzen du eta egoiliarrek bere solairutan ibili behar dute eta kanpotik bisitan doazenek ere, hartarako gertatu den eremuan soilik egon behar dute, ezin dira geletara edo beste gune komun batzuetara joan.
Bisitei dagokienean berriz, ez da aldaketarik eta martxoaz geroztik astean bi lagunen bi bisita jasotzeko aukera dute egoiliarrek.
Gipuzkoako egoitzetako ordezkariek Foru Aldundiko arduradunekin bilera dute ostiralean eta litekeena da, barne antolaketa eta bisita nahiz irteeren protokoloa aldatzea. Bitartean, San Martin egoitzako langileek orain arte bezala lanean jarraitzen dutela adierazi digu egoitzako arduradunak, alegia, txertatu gabeko langileak ez dira ez ohiko babes jantzi eta EPI berezirekin lanean ari, zenbait hedabidetan bestelakorik argitaratu bada ere.
Baina kezka badago, bai langile, egoiliar eta senitartekoen artean. Oñatiko intzidentzia pilatu tasa 810 da une honetan, herriak gorrian jarraitzen du, eta isolatuta dauden herritar eta familia asko dago oraindik. Egoitza barruko egoera, eta animoa bereziki, aldatzen ari bada ere, tentsioa igarri dela adierazi digu San Martingo arduradunak eta zuhurtzia handiz ari direla gaineratu digu. Une honetako egoerak halaxe eskatzen baitu oraindik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!