Egonaldi artistikoa eta erakusketa deialdia egin du ARGI festibalak

2019/01/03
Card image cap
Bi argazkigintza lan-proiektu hautatuko dira eta emaitza apirilaren 12an inauguratuko den binakako erakusketan ikusiko da

  Bi urtean behin antolatzen du Ilunpetan taldeak argazkigintzari eskainitako ARGI festibala. Dagoeneko 6.a izango den 2019koa, apirilaren 12 an hasiko da. Orduan  Gandiaga Topagunean jarriko den erakusketa bikoitza hautatzeko deialdia egin dute ARGI Festibalak eta Arantzazu Gaur Fundazioak. Deialdiaren xede edo helburua, esan bezala, ARGI festibalak irauten duen bitartean Gandiaga Topagunean ikusgai izango diren bi argazkigintza lanak aukeratzea da. Argazkigintza, zentzu zabalean ulertuta.

  Parte hartzeko gonbidapena, 18 urtez gorako egileei egiten zaie. Edizio honetan bakarkako lanak bakarrik onartuko dira. Gaia mugatu egin da eta paisaia eta identitatearen inguruko proiektuak eskatzen dira. Baina gaia modu librean eta subjektiboan lantzeko aukera ematen dute antolatzaileek. Interesatuek, proiektuaren memoria laburra eta honi dagozkion 15 irudi gehienez aurkeztu beharko dituzte urtarrilaren 29a bitartean. Ondoren, epai-mahaiak erabakiko du zein bi lan proiektu babestu eta horien egileei egonaldi artistikoa eta erakusketa osatzeko aukera eskainiko die. Hautatutako bi egileek ARGI ARANTZAZUKO komisarioekin elkarlanean aritu beharko dute erakusketa diseinatzen. Gainera, Juan Pablo Huércanosekin eta Erika Goyarrolarekin lan saio bana egingo dute.

  Aukeratutako lanen erakusketak egiteko aurrekontua gehienez 2500 € izango da. Festibala arduratuko da bestalde, hautatutako egileei ostatu emateaz, Goiko Bentan egongo dira egonaldi artistikoak iraun bitartean. ARGI Arantzazu egitasmoaren inguruko xehetasunak festibalaren web atarian topatu daitezte: www.argifestibala.eus atarian. Proiektuak aurkezteko azken eguna berriz, urtarrilaren 29a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!