Egoitz Atxaga Txintxurreta kontratatu du udalak errefortzuko kirol teknikari lanposturako

2018/02/13
Card image cap
Eskola kirolaren koordinazio lanak egingo ditu, besteak beste

  8 hautagaik hasi zuten lanpostua osatzeko azterketaldia baina hautaketa prozesua osorik gainditu duen bakarra Egoitz Atxaga izan da. Ostiralean sinatu zuen udalarekin kontratua eta dagoeneko lanean ari da.

  Kirol zerbitzua indartu eta nagusiki, eskola kirolaren koordinazio lanak egingo dituen teknikaria kontratatu nahi zuen udalak eta horretan arituko da aurrerantzean teknikari berria. Hartarako diseinatutako programa urtebetean-edo gauzatzea espero du udalak eta horregatik, lanpostua aldi baterako kaleratu zuen.

  Kirol teknikari berriak eskola kirolaren eredua egokitu, kudeatu eta koordinatzearen ardura izango du, eta udal kirol planifikazio estrategikoaren garapenean lagunduko dio egungo teknikariari, errefortzuko langile gisa. Teknikari berriak eskola kirola programaren arlo didaktiko-pedagogikoa diseinatu eta koordinatu beharko du, eskola kiroleko monitoreei formakuntza osagarria eman beharko die, laguntza teknikoa eta lanen koordinazioa eta antolaketa nahiz jarraipena eta ebaluazioa eginez. Era berean, programarako epaileen poltsa osatu eta horiei ere laguntza teknikoa eman beharko die eta eskola kirola programaren barne eta kanpo komunikazioa diseinatu beharko ditu, besteak beste.

  Eskola kirola aldaketa prozesuan dago Oñatin. Urteetan mantendu den ereduaz hausnarketa egin zen eta egokitu beharra zegoela ondorioztatu zen. Lehen aldaketa gauzatu da jada, Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeek Eskola Kirola Elkartea sortu baitzuten irailean. Baina egungo eskola kirolaren jardunean aldaketa nabarienak datorren ikasturtean antzemango direla aurreratu dute. Asteburu eta astean zeharreko jardunen arteko lotura handituko da, astean zeharrekoak, larunbateko partiduetarako entrenamendu gisa planteatuz. Horrek noski, egun gurasoek bete ohi duten entrenatzailearen figuran ere eragingo du. Baina guzti hori gorpuztu eta koordinatzearen ardura izango du kontratatu berri den kirol teknikariak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!