Oñatiko udala

Egoiliar batek positibo eman zuen ostiralean San Martin egoitzan, pandemia hasi zenetik lehenengoa

2020/12/21
Card image cap
Egoiliar eta langile guztiei PCR probak egin zaizkie gaur goizean

  Emaitzen zain daude datozen egunetarako neurriak hartzeko, baina oraingoz, San Martin egoitzako lehenengo eta bigarren solairuko egoiliarrak beraien geletan isolatuta daude.

  Gaixotu den egoiliarra Arrasateko ospitalera eraman zuten ostiral gauean, Covid-19aren sintomak izan zitezkeenak zituela ikusita. Bertan artatu eta Covid-aren proba azkarra egin zioten eta positiboa zela ikusita Eibarko Egogain egoitzara eraman zuten. Gipuzkoan positibo eman duten adineko egoiliarrentzat dagoen erreferentziazko bi egoitzetako bat da Eibarkoa. Bitartean, San Martin egoitzan, halakoetarako prestatuta dagoen protokoloa indarrean sartu zen, hau da, gaixotu den egoiliarraren planta osoko egoiliarrak geletan isolatu ziren eta gaur goizean bertan, danei, egoiliar nahiz langileei PCR probak egin dizkiete.

  Aipatu behar da pasa den asteazkenean auxiliar batek ere positibo eman zuela eta honek lan egiten duen lehenengo solairuko egoiliarrei jada PCRa egin zitzaiela orduan. Denek negatibo eman zuten baina geletan isolatuta geratu ziren. Gaur, lehenengo solairu horietakoei PCR probak egin zaizkie berriro.

  Une honetan San Martingo egoiliarrek ezin dute egoitza eremutik irten. Eraikin aurrealdeko aparkalekua autorik gabe mantentzen saiatzen dira, inguruetan paseatzeko aukera izan dezaten, baina kanpora, herrira, ezin dira irten. Gaurko PCR probek beste neurri murritzaileagorik hartzea eragiten ez badute, hirugarren eta laugarren solairuko egoiliarrek bisitak hartzen jarraitu ahal izango dute.

  Bitartean, Gipuzkoa mailan datorren astean hastekoa den Covid-19aren kontrako txertaketa nola egin zehazten ari dira San Martin egoitzako arduradunak.

  Pasa den martxoan alarma egoeran sartu ginenetik San Martin egoitzan zaintza neurri bereziak hartu dituzte. Bigarren olde honetan bizpahiru langilek positibo eman dute baina egoiliarren artean ez da halakorik izan orain arte. Lehenengo egoiliar baten positiboa ostiralean antzeman zuten.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!