Oñatiko udala

Egaralurrek egingo ditu Larrañako kirol instalazioak berritzeko lanak.

2012/11/07
194.000 euro pasako aurrekontua aurkeztu du. Lanak, azaroaren 19ko astean hastea espero da.

  Pasa den astean aurreratu genizuenez, lanak lehenbailehen egitea komeni da, Foru aldundiak orain bi urte hitzemandako diru laguntza jasotzeko, datorren urtarrilaren 31ra arteko epe berria eman baitu. Horrek esanahi du lanak, ordurako amaitu beharko direla.

  Lanen premia horrek bultzatuta, udalak esleipen prozesua ere arindu du eta publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bitartez adjudikatu ditu. 3 enpresen proposamenak jaso ziren eta eskaintza merkeena egin duen EGARALURi esleitu zaizkio. Honek, 194.373 euroko eskaintza egin du.
Atzo argitaratu zen alkate dekretuaren arabera, enpresak, 10 laneguneko epea izango du behin betiko berma edo garantia ordaindu eta hainbat dokumentazio aurkezteko. Tramite hori beteta, lanak berehalakoan hasiko dira.

  Larrañako futbol zelaia eta inguruko instalazioak Fernando Azpiazuk eta Isabel Gordoak osatu duten proiektuaren arabera berrituko dira. Larrañan zegoen futbol zelaiaren kasik neurri bereko zelai berria egokituko da: 72 bidez 33 metroko zelaia. Hau da, futbol 9an jarduteko aukera emango duen zelaia. Sei zentimetroko luzera duen belar artifizialezko zelaia izango da eta hau inguratuz sarea jarriko da. Ur kanalizazioa egingo da eta argiak ere instalatuko dira.

  Hasieran, skate gunea egiteko asmoa ere bazegoen, baina lekurik ez dagoela eta beste nonbait egokitu beharko da.

  Udalak, lan hauek egiteko Foru aldunditik 50.000 euroko diru laguntza jasoko du. 

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!