Oñatiko udala

Edateko ur garbiaren hoditeria aldatzeko lanak egingo dira Kurtzetxo ingurutik Posta-bulegora bitartean.

2013/11/12
Datozen egunotan hasiko diren lanak, hiru bat hilabetez luzatuko dira.

  Gipuzkoako Urak enpresak ur edangarriaren hornidura hobetzeko lan handiak egingo ditu herri gunearen behealdean. Ur-hodi metro asko aldatu eta berrituko dira. Lanak, Otadui zuhaiztian, Olalde baserriaren parean hasi, Kale zaharretik Lizaur kaleraino eta bertatik Unibertsitate etorbidean barrena Postetxe ondoan dagoen haur parkeraino iritsiko dira. Bitarte horretan edateko ur garbiaren hoditeria berrituko da eta Lizaur eta Aita Madina kaleek bat egiten duten inguruan, saneamendu hoditeria zati bat ere aldatuko da. Lan handiak dira eta gutxienez hiru hilabete beharko dira gauzatu ahal izateko.

  Gipuzkoako urak enpresako teknikariak, Otadui zuhaiztia 13-15-17 zenbaki parean lanean ari dira une honetan. Orain aste eta erdi ur edangarriaren hodi bat apurtu zen, lehertu zen eta matxura hori konpontzen ari dira pasa den astetik. Hodi berria sartzen ari dira. Lan horrekin amaitu bezain pronto hasiko dira Olalde baserritik gora aipatu lan berri hauek egiten.
Lanak egiten diren bitartean hainbat eragozpen sortuko dira inguruan. Lanak, ahal den neurrian, errepidearen aldeetatik, aparkalekuetatik egingo dira. Zatirik handiena, errepidearen eskuma aldetik egingo da baina Kale Zaharrean, eskuma zein ezkerretik egin beharko dela esan digute teknikoek. Ondorioz, eta errepidea guztiz ez ixteko, txandaka egingo dira, alde batekoak lehenik eta bestekoak ondoren. Hala, errail bat akaso itxi beharko da baina errepidea osorik ez, esan bezala.

  Ur hornidura etenak ere izango dira eta bat baino gehiago. Okerrik ezean dena den, guztiak aurrez programatutakoak izango dira eta ondorioz, behar den denboraz abisua emanda.

  Lanak egiteko hiru hilabeteko epea zehaztu da baina hori, gutxi gora beherako kalkulua da, zorua zulatuta ur hoditeria ez ezik argindar, telefono eta bestelako azpiegitura hariteria eta hoditeria nola dagoen ikusi beharko baita. Edateko ur garbiaren hoditeria berritu ondoren zoladura konpontzeko lanak egingo dira. Kale zaharrak Lizaur kalearekin bat egiten duten inguruan asfaltoa oso hondatuta dago, zulo handiak daude eta konpondu beharra dago. Baina asfaltatu aurretik, ur hornidura berritzeko lanak egingo dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!