Oñatiko udala

Echaide eraikuntzak egingo ditu Lezesarriko oinezkoen bidea egokitzeko lanak

2022/09/13
Card image cap
Esleipen kontratua atzo sinatu zen

  Inflazioak eta lehengaien prezioek izan duten garestitzearen ondorioz, aurrekontua jasota kaleratu zen bigarren deialdian esleitu dira Lezesarriko oinezkoen bidea egokitzeko lanak. Udalak finkatutako lizitazio aurrekontu berria 16.000 eurotan merkatuta egingo dira lanak, 301.572 euroren truke. Lanak egiteko epean ez dago aldaketarik eta hiru hilabeteko tartean egin beharko ditu Echaide eraikuntza enpresak.

  Lanak SESTRA ingeniaritza enpresak osatu zuen proiektuaren arabera egingo dira. Laburrean, futbol zelairen eskailera parean amaitzen den espaloian hasi eta Urrintxo jatetxearen aparkaleku sarrerainoko tartean egokituko da oinezkoentzako ibilbidea. Azkoagainetik Lezesarriko ermitarako sarbide parerainokoa, jaisteko erraiaren alboan egokituko da. Ermitarako sarbide parean, galtzada gurutzatzeko pasabidea egokituko da eta, hortik gora, Urrintxoko aparkaleku parerainoko tartean, eskumako erraiaren alboan eratuko da oinezkoentzako ibilbidea.

  Hasieran galtzadaren ezkerraldetik eta ondoren eskumaldetik prestatuko den oinezko bideak 2 metroko zabalera hartuko du. Hainbat metrotan errepidearen plataforma zabaldu egingo da oinezkoentzako bideari leku egiteko, baina igo edo jaisteko erreiak metro erdi estutuko dira. Errepidea gurutzatzeko tokian zirkulazioa lasaitzeko eremua ezarriko da eta erdian irlatxo bat eratuko da. Bestalde, galtzada zeharkatzeko leku honetatik Urrintxorainoko oinezkoen bidea babesteko baliza bertikalak tartekatuko dira. Lanen osagarri gisa, drainatze lanak eta bidea seinaleztatzeko lanak egingo dira eta argiteria ezartzeko obra zibila ere bai.

  Lanok egiteko hiru hilabeteko epea zehaztu da eta, ondo bidean, urtea amaitu baino lehen egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!