Kale Zaharreko zarata arazoa konpontzeko hainbat proposamen egin ditu EAJk

2015/09/25
Card image cap
Zaraten mapa egin eta bizilagun eta ostalariekin elkarlanean partaidetza prozesu bat martxan jartzea proposatu du

  Kale Zaharreko bizilagunak kezkatuta daude inguruetan sortzen den zarata dela eta. Azken hauteskunde kanpainan bizilagun batzuk jeltzaleengana hurbildu ziren kexaka. Arazoak duen larritasunaz jabetuta, hainbat auzotarrekin elkartu dira eta gaia Udalera eramatea erabaki dute, hainbat proposamen konkretu eginez.

  Lehenik, arazoaren fokuak antzematen lagunduko duen zaraten mapa egitea proposatzen dute jeltzaleek, horretarako IHOBEren lankidetza egokia litzatekeela uste dute, erakundeak eskarmentu handia baitu arlo honetan.

  Bigarrenik, parte hartze prozesu bat martxan jartzea ere eskatu dute. Politiko eta udal teknikariez gain, Kale Zaharreko bizilagun eta ostalariek parte hartuko lukete prozesuan. Helburua,  guztien artean, elkarbizitzarako gutxieneko batzuk adostea litzateke.

  Azkenik, egungo araudia berrikusi eta indarrean dagoen araudia betearaztea proposatzen duten jeltzaleek, ezinbestekotzat jotzen baitute gaueko aisialdia eta inguruetako bizilagunen atsedenerako eskubidea uztartu ahal izateko.

  Proposamen hauek, Udaleko Hirigintza Batzordean egin ditu EAJk. Era berean, arazoari behin betiko konponbidea emateko, jarrera aktiboagoa eskatu dio Udal Gobernu Taldeari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!