EAJk auzoei lehentasuna eman die 2022ko aurrekontuei aurkeztutako emendakinetan
Datorren astean, hilaren 16an egingo den Osoko Bilkuran bozkatuko dira 2022ko udal aurrekontuak. Udal gobernu taldeak aurkeztutako proposamenarekiko 20 zuzenketa egin ditu EAJ taldeak.
Zuzenketa horietan jeltzaleek auzoei lehentasuna eman nahi izan dietela azpimarratu dute, bai herri-guneko auzoei nahiz landa auzoei ere. Hala, Olakua-Olapoto guneko urbanizazioa berritzea proposatzen du EAJk, erreka inguruko segurtasuna bermatzeari lehentasuna emanez. Landa eremuari dagokionez, Murgia eta Berezaoko argiteria hobetzea proposatzen du, besteak beste. Auzoetako inbertsioak egiteko partida handitzea, Zubillagan trenbideko zubia zabaltzea eta Torreauzoko bidegorriari irtenbidea ematea ere proposatzen dute jeltzaleek.
Urrutxuko zabortegia zigilatzeko 2. fasearen exekuzioari hasiera ematea, Azkoagainen alternatiba izan daitezkeen ekipamenduen kokalekuen aukerak sakonki aztertzea, eta eguneko zentro arinaren kokalekua finkatu eta egokitzea ere proposatzen du EAJk gobernu taldearen aurrekontuari jarritako emendakinetan. Eta aurreko urteetan aurkeztutako beste hainbat egitasmo berreskuratu dituzte zuzenketa zerrendan: ikastetxeetako liburutegiak hornitzeko diru-lerroa sortzea, Kultur etxeko gelak azterketa garaian irekitzea, Oñatiko udalerria Euskadi langukoia programara atxikitzea, baserriko produktuen salmenta digitala sustatzeko plataforma sortu eta merkataritzaren digitalizazioa indatzea edota San Martingo hariztiaren diagnostikotik eta adikzioak prebenitzeko diagnostikotik eratorritako ekintzak gauzatzea.
Udal gobernantza arloan berriz, udal langileen lanpostuak finkatu eta egonkortzea; elkarbizitza arloan parte-hartze prozesua sustatu, bizikidetza ordenantza egin eta onartzea eta 2022-2023 urtetarako aurrekontu parte-hartzaileen prozesua egitea proposatzen dute jeltzaleek.
Guztira, 1.087.000 euroko inbertsioa eskatzen dute sei bloketan banatutako 20 zuzenketetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!