EAJ udal taldea lehen sektoreko ordezkariekin lanean ari da basogintza, nekazaritza eta abeltzaintza biziberritzeko asmoz

2020/02/17
Card image cap
Klima aldaketari aurre egiteko sektore erabakigarria dela deritzote jeltzaleek

  Klima aldaketa egungo gizarteak duen erronka nagusienetakoa dela dio EAJ udal taldeak prentsara zabaldu duen oharrean. Zentzu horretan, lanean ari direla diote eta hala jaso zela alderdiaren hauteskunde programan. Era berean, 2020ko udal aurrekontuetan jaso zitezen, bi proposamen konkretu egin zituztela ere azaltzen da idatzian: nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruko diagnosia egiteko diru-partida, batetik, eta klima aldaketari aurre egiteko plana osatzeko diru atala jartzea, bestetik. Diagnostikoarena onartu zela diote jeltzaleek prentsa-oharrean, eta dagoeneko, udalbatza osatzen duten taldeak elkarlanean ari direla zehazten du, Andoni Altuna zinegotzi jeltzalea zuzenki inplikatu delarik, gobernu taldeko beste kide batzuekin batera.

  Km 0 produktuen ekoizpen eta kontsumoa sustatu behar direla azpimarratu du Altunak eta gure ingurua zaintzen duen lehen sektorea babestu behar dela gaineratu du. Bide horretan, Oñatiko lehen sektorearen diagnosia egitea ezinbestekotzat jo du. Arlo horretan udal ordezkariak dagoeneko lanean ari direla diote jeltzaleek oharrean.

  Baina klima aldaketari dagokionean, epe motzean eragingo duten neurriak hartzea ere beharrezkotzat jotzen dute jeltzaleek, klima krisiak denbora tarte handirik ez duela uzten gaineratuz. Horretan ere, globalean eragiteko  tokian tokitik lan egin behar dela adierazi du EAJ udal taldeak.

  Arazoaren zein parte dagokigunaz kontziente izatea oinarrizkoa dela dio Andoni Altuna zinegotziak eta datu esanguratsua eman du, Oñatin urtean 21.700 Tm CO2 isurtzen direla autoen desplazamenduetan bakarrik. Isurpen horiei aurre egiteko basoek duten garrantzia gogoratzen du EAJk eta basogintza sustatzea funtsezkotzat jotzen du. Ildo horretan, jardunaldi batzuk prestatzeko asmoa dutela aurreratu dute jeltzaleek, prentsa oharrean.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!