Duintasun kit berriak prestatu ditu Hotz Oñati taldeak Aita Mari ontzirako

2020/03/03
Card image cap
Legazpiko taldeak batu dituen 300 manta ere bidali dira Italiara

  Helduentzako 150 kit eta haurrentzako beste 20 bidali ditu Hotz Oñati taldeak Italiara, Aita Mari ontziak erabili ditzan. Duintasun kit hauetan arropa eta higiene beharrak betetzeko materiala jasotzen da: txandala, kamiseta, barruko arropa, eskuoihal edo toalla, edalontzia eta zerealezko barritak. Banakako poltsetan prestatzen dira, ontzira sartu orduko erreskatatutako pertsonei eman ahal izateko. Lehen bidalketa urtarrilean egin zuen Hotz Oñati taldeak eta Italiarako bidean dago bigarrena. Oraingoan, banakako kit hauezaz gain Legazpiko Hotz taldeak batu dituen 300 manta ere bidali zaizkio Aita Mari ontziari.

  Mediterraneoan, noraezean dauden lagunak erreskatatzen jarraitzen du Aita Mari ontziak. Erreskatatutako pertsona gehienak, dutxatu ondoren, janzteko arropa aldagarririk gabe izaten dira. Behar hori bete asmoz hasi zen Hotz Oñati taldea banakako poltsa hauek prestatzen. Ontzia porturatu bitartean gainera, egunak pasa ohi dira eta lotarako ez ezik, egunez berotzeko ere, mantak behar izaten dituzte. Hurrengo erreskatean banatuko den materiaala Oñati eta Legazpitik bidalitakoa izango da. Hotz Oñati taldetik eskerrak publikoki eman nahi dizkie herritarrei, eskainitako laguntzagatik.

  Aita Marik, SMH Itsas Laguntza Humanitarioak eta bestelako boluntarioek  egiten duten lana ezagutzera emateko asmoz, hainbat ekintza antolatu ditu Hotz Oñati taldeak martxorako. Hilaren 13an Helena Tabernak zuzendutako Varados dokumentala ikustera emango da eta Itsas Laguntza Humanitarioko boluntarioekin solasaldia izango da ondoren. Hilaren 27an berriz, Lesbosen egon ziren Oñatiko bi boluntariok beraien esperientzia pertsonalaz berba egingo dute. Bi ekitaldiok Kultur etxean izango dira, 19:00tan hasita.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!