Oñatiko udala

Dozena bat trafiko salaketa jarri ziren atzo Araotz eta Usako inguruetan

2021/07/19
Card image cap
Hainbat isun jarri dira Usakorako errepidean
Kale-edanean zeuden hainbat talde ere sakabanatu dira asteburuan, baina ez da istilurik izan

  Asteburu lanpetua izan dute udaltzain eta ertzainek; kale-edanean zeuden hainbat talde sakabanatu behar izan dituzte eta trafiko urraketa ugari ere jaso dituzte.

  Asteburuan sartu da indarrean gauerditik goizaldeko 6:00ak arte kalean jende multzoak elkartzeko debekua, baldin eta bizikideak ez badira. Udaltzainek eta ertzainek zaintza dispositibo bereziak jarri dituzte eta Oñatin, eskualdeko gainontzeko herrietan bezala, jende multzoak sakabanatu behar izan dituzte baina ez da aparteko istilurik izan. Udaltzainek esaterako, kale-edanean zeuden hainbat adin txikiko identifikatu zituzten Urrutxuko kanposantu inguruan, larunbat arratsaldean. Gazteen lehen erreakzioa antxintxika ihes egitearena izan zen baina ondoren udaltzaingoan agertu ziren ihesaldian utzitako hainbat objekturen bila. Adin txikikoak direnez, gurasoak jakinerazi zitzaien gertatutakoa. Larunbat gauean berriz, ertzaintzaren bost patruila MU ingurura hurbildu zen eta bertan zegoen jendetza sakabanatzen joan zen, inolako istilurik sortu gabe. Ertzainen kontrako oihuren batzuk izan omen ziren baina ez zen aparteko tirabirarik izan, eta poliziaren presentzia hutsak jendea uxatu zuen.

  Kale segurtasunari dagokion kronikan, asteburuan, hainbat trafiko salaketa jarri direla ere aipatu behar da, bereziki Araotz eta Usako inguruetan. Asteburuko eguraldi onak erakarrita jendetza ibili da Arantzazu, Araotz eta Usako aldean. Baina guztiek ez dituzte trafiko arauak bete, bereziki, aparkatzeko debekuak bete, eta Araotzen eta Usakon salaketa ugari jarri ditu udaltzaingoak, dozena bat isun inguru, udaltzainburuaren esanetan.

  Trafiko kontuekin jarraituz, esan bestalde, Txaketuaneko bidegurutzeko zutoiak kontrolatzen dituen sistema informatikoa erasotu egin dutela bart gauean. Asteburuan arazorik gabe funtzionatu du baina atzo gauean eraso zibernetiko bat jasan zuen eta blokeatuta geratu zen. Ondorioz, oztopo-zutoinak eskuz jaitsi behar izan dira gaur goizean. Une honetan arazoa konponduta dago, beraz, ostiralean sistema berriro aktibatu ahal izango da. Baina bitartean, erasoa nondik eta nola gertatu den ikertuko da, errepikatu ez dadin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!