Dirulaguntzak nagusi asteko Gobernu Batzarrerako lan zerrendan

2021/12/21
Card image cap
Gaur arratsaldera aurreratu da Tokiko Gobernu Batzarra, Gabonak tarteko

  Udaleko Kultura departamentuak kultur eta sormen proiektuetarako dirulaguntzak eman ohi ditu. Udaberrian onartu zen diruz babestuko ziren egitasmoak, eta horiek burutu ondoren, aurrekontu likidazioa barne duten jarduera memoriak aurkeztu dituzte talde eta erakundeek. Horiek eskutan, dirulaguntzaren %40a ordaintzea proposatuko zaio gobernu taldeari arratsaldeko bileran.

  Pake leku jubilatuen elkarteak eta Lagun leku elkarteak ere udalaren dirulaguntza jaso ohi dute. Egindako gastuen zuriketa aurkeztu behar izaten dute bi elkarte horiek ere, eta zuriketa onartu eta urteko dirulaguntzaren bigarren zatiaren ordainketari argi berdea ematea proposatuko da gaurko batzarrean. Era berean, Pake leku elkarteak tabernako terrazan jarri duen kristalezko itxituraren kostua arintzeko dirulaguntza eskatu dio udalari. Gai hori ere lan zerrendan jaso da.

  Eta dirulaguntza eskaerekin jarraituz, Bidebarri laneratze enpresak udalaren ekarpen ekonomikoa eskatu du vending makinetan banku-txartelen bidezko ordainketa sistema ezartzeko gastuak arintzeko. San Martin auzoko jolas parkerako elementu berrien hornidura eta instalazioa kontratatzeko gaia edota kale garbiketa zerbitzurako ibilgailu berri bat erostea ere aztertuko da arratsaldean.

  Tokiko Gobernu Batzarra ostegunetan egin ohi da gurean baina Gabonak tarteko, gaur arratsaldean, 14:15tan egingo da aste honetakoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!