Dirulaguntza ezberdinen esleipenak nagusi izango dira arratsaldeko Gobernu Batzarrean

2018/12/13
Card image cap
Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, enpresa berriak sustatzeko edota langabetuak kontratatzeko diru laguntza eskaerak aztertuko dira, besteak beste

  Urtea amaitu aurreko gaiak izan ohi dira diru-laguntzak esleitzeko erabakiak eta gauzatu diren lan edo ekintza ezberdinen inguruko likidazioak aurkeztea, batekoak zein bestekoak jaso dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrerako lan zerrendan.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko eman ohi diren diru laguntzen inguruan ebazpen proposamena egingo du Ingurumena eta Landa Garapena batzordeak. Sozioekonomia batzordeak berriz, enpresa berriak sustatzeko eta langabetuak kontratatzeko laguntza eskaerak azalduko ditu. Kulturak, urteko ekintzak eta sormen lanetarako eman ohi dituen diru laguntzen bigarren zatia ordaintzea proposatuko du eta Haurrak eta Gazteria departamentuak, gazteen sormenerako eta elkarteentzako diru laguntzen bigarren deialdian jaso ziren eskaerak aurkeztuko ditu.

  Kirolak batzordeak bere aldetik, hainbat kirol proba egiteko udalak eman zituen diru laguntzen likidazioa proposatuko du; Aloñako igoera, Kantoikrit eta Antxintxiketan elkarteekin dituen lankidetza hitzarmenen likidazioa azalduko du eta herriko beste kirol elkarte eta taldeei urtero ematen zaien diru laguntzen likidazioa ere aurkeztuko du.

  44 gai jaso dira arratsaldeko Gobernu Batzarrerako. Ia aipatutakoez gain Gabonetarako egitaraua eta aurrekontua azalduko da, herrian ospatzen diren auzo-jaiaen egutegia ixten duten Berezaoko jaien berri emango da eta Debagoiena Landa Garapena Elkartearen 2019ko aurrekontua eta udalari zuzendutako ekarpen eskaera aztertuko da, besteak beste.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!