Oñatiko udala

Dinamizatzaile berriak izango dira liburutegiko Irakurle taldeetan

2021/09/15
Card image cap
Irakurketa taldeetako dinamizatzaile berriak
Miriam Luki euskarazko taldearekin arituko da eta Monica Leiva eta Kike Infame gaztelerazkoarekin

  Hamar urte dira jada liburutegian Tertulixan irakurketa klubak eratu zirenetik. Urtero irakurle berriak batu izan dira ekimenera, eta aurten ere hartarako aukera badago irailaren 30era arte izena emanda. Tarteka, dinamizatzaileak ere aldatzen dira. Aurten bai euskaraz eta baita gaztelerazko taldean ere dinamizatzaileak berriak izango dira.

  Euskarazkko taldeak hilero egingo duen Tertulixan saioa dinamizatzen Miriam Luki arituko da eta gaztelerakoa dinamizatzen Monica Leiva. Aipagarria da gaztelerazko taldeak dinamizatzaile gonbidatu berezia izango duela urtarrilean eta apirilean; komikia landuko den bi saio horietarako Kike Infame komikilaria gonbidatu da. Dinamizatzaileak hileko irakurgaiaren inguruko saioak gidatu eta moderatu ez ezik, irakurgaiak proposatzen ditu. Beraz, seguru ukitu berezia emango dietela aurtengo irakurketa taldeen jardunei.

  Irekita dago irakurle talde hauetan parte hartzeko izen-ematea, irailaren 30era arte. Baina plazak mugatuak dira eta azken lekuak betetzea falta dela jakinarazi digute liburutegitik. Irakurle talde hauen Tertulixan saioak hilean behin egiten dira, urritik maiatzera bitartean, asteartetan, 18:30tatik 20:00tara.

  Era berean, liburutegiak antolatuta, idazketa lantegia ere urrian abiatuko da berriro. Joxemari Iturraldek dinamizatzen duen lantegia 2018an hasi zen. Idazteko zaletasuna dutenei behar duten motibazioa, bultzada, formazioa eta informazioa eskaintzea da lantegiaren helburua. 2 orduko 10 saio egingo dira ikasturte honetan zehar, urritik maiatzera bitartean. Plazak mugatuak dira, baita ere, eta informaziorako eta izena emateko liburutegira hurbildu behar da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!