Oñatiko udala

Debagoieneko ospitaleko eraikin berriaren eraikuntza esleitu du Osakidetzak

2024/06/06
Card image cap
(Arg: Eusko Jaurlaritza)
Lanak udan hasi eta 30 hilabeteko epean burutzea aurreikusten da

  Construcciones Amenabar SA, Tecsa Empresa Constructora SA, Construcciones Olabarri SL eta Ondoan S. COOP  enpresek osatutako ABEEari esleitu dio Debagoieneko ospitaleko eraikin berriaren eraikuntza Osakidetzak.

  Eraikin berriak, besteak beste, eguneko ospitale mediko/kirurgikoa, medikuntza fisikoaren eta errehabilitazioaren arloa, endoskopia-unitatea, larrialdi-basea eta erresonantzia magnetiko nuklearra hartuko ditu. Aipatutako unitateez gain, eraikinak zerbitzu osagarri eta administratiboak izango ditu, eta erreserbako solairu bat, osasun-arretan sortzen ari diren beharretara egokitu ahal izango dena. Estalkiak instalazioetako eremu tekniko gehienak izango ditu, eta sotoko bi solairuak aparkaleku gisa erabiliko dira, lehendik dauden aparkalekuetakoekin batera. Gainera, aldagailu inklusibo bat eta ostomizatutako pertsonentzat egokitutako komunak jarriko dira. eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko helburuz. Eraikinaren eraginkortasun energetikoa ere zainduko da eta kalifikazio energetiko gorena izango du, bai energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoari dagokionez, eta baita karbono dioxidoaren isuriei dagokienez ere.

  Ospitale zaharra eraitsita dago eta eraikin berria Txaeta eta Zalduspe kaleen izkinan jasoko da. 9.300 m2-ko azalera eraikia izango du 7 solairutan banatuta, horietako bi sotoan, eta bloke berria kanpo-kontsulten eraikinarekin lotuta egongo da. Hala, ondoko eraikinetan ere 2.000 m² berrituko dira lotura hori ahalbidetu eta zerbitzuen arteko zirkulazioa sortzeko.

  Eusko Jaurlaritzak 23 milioi euro inbertituko ditu ospitalearen eraikin berria jasotzeko. Lanak udan hasi eta 30 hilabeteko epean egitea aurreikusten da; ondo bidean, 2027ko neguan amaituko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!