Debagoieneko ospitalean erditze eta pediatria zerbitzuak berriz martxan jarri dira gaur goizean
Euskadi mailan ospitaleratzeak beherantz egiten ari diren honetan, Debagoieneko ospitaleak Pediatria eta Obstetrizia zerbitzuak berriro martxan jarri ditu, gaur goizean. Ama-haurren unitatea 4.solairuan zabaldu dute, lehen zegoen leku berean. Arrasateko erditze eta pediatria zerbitzua martxoaren 22an itxi zen eta Zumarragako ospitalean berregokitu da azken hiru astetan. Libre geratu zen solairua koronabirusak eragin zitzakeen ospitaleratze berrietarako gorde zelarik. Baina egoera normaltze bidean den honetan, espazio hori, ama-haurren unitaterako berreskuratu da, esan bezala.
Koronabirusagatik kutsatutako pertsonen ospitaleratze kopurua murriztuz joan da azken egunotan Arrasaten, eta martxoaren 15ean pandemiak eragindako lehen ingresoak gauzatzen ari ziren maila bertsuan dago egun, Debagoieneko ESItik jakinarazi denez. Koronabirusagatik 80 alta eman eta 13 pertsona hil dira Debagoieneko Ospitalean. Eskualdean, 1200 proba baino gehiago egin dira Koronabirusa detektatzeko. Atzo eguerdira arteko datuak dira.
Debagoieneko ESItik zabaldu den prentsa oharrean, erakundea osatzen duten profesional guztien lana ezinbestekoa dela azpimarratzen da, hasi, lehen arreta eskaintzen duten erizain, mediku, administrari edo zeladoreetatik, segi farmazia eta laborategietako profesionalak, garbitasuna eta mantentze zerbitzutan ari direnak eta aldian aldian berritu diren zirkuitu eta protokoloak bete daitezen ahaleginean ari diren gainontzeko langileetaraino. Guztien lana eta dedikazioa premiazkoa dela azaldu du Debagoieneko ESIko zuzendariak. Era berean, eskualdeko profesionalek egoerak eskatzen dituen babes ekipo homologatu eta egokiak eskuragarri izan dituztela jakinarazi du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!