Oñatiko udala

Debagoieneko Osasun zerbitzua berrantolatzen jarraitzen dute

2020/03/24
Card image cap
88 ohe gehiago egokitu dira Arrasateko ospitalean

  COVID 19ak kutsatutako gaixoak hartzeko berregokitze prozesuan ari dira Debagoieneko ospitalean eta horrek, eskualdeko osasun zerbitzuetan eragiten du. Atzo aurreratu bezala, Arrasateko erditze gelak itxi egin dira. Aurrerantzean beraz, erditzera doazen emakumeak Zumarragako ospitalera bideratuko dira. Beste horrenbeste egingo da ingresatu behar diren haurrekin ere, Zumarragako ospitalera bideratuko dira.

  Pediatria arloko artatze zerbitzua Arrasateko anbulatorioan zentratuko da, beti ere, Oñatiko anbulatorioan umearen egoeraren lehen balorazioa egin eta gero. Balorazio hori telefonoz  egingo da eta Oñatiko pediatra/medikuak erabakiko du Arrasateko anbulatorioan fisikoki artatu behar den ala ez.

  Hori da pasa den astetik Debagoieneko ESIak eskatzen duena, alegia, anbulatoriora zuzenean joan gabe telefonoz deitzea eta handik jarriko gaituzte gure erizain edo medikuarekin harremanetan, eta ahal den neurrian, kontsulta telefonoz argituko da. Profesionalak erabakiko du aurrez aurreko artatzea beharrezkoa ote den eta kasu horretan adieraziko du anbulatoriora edo beste osasun zentro batera joan behar den. Oñatiko anbulatorioa itxita dagoenean Arrasatekoa izango da, orain artean bezala, erreferentziazko kontsulta zentroa. Hara ere ez joatea gomendatzen da eta kontsultak telefonoz egitea. Hauxe da Arrasateko anbulatorioko zenbakia: 943 03 52 50.

  Etxeko osasun arreta eskainiko duten bi talde berri jarriko dira lanean Debagoienean, datozen egunotan.

  Aldaketa guzti hauek COVID 19ak eragindako gaixo ugariei arreta egokia emate aldera egiten ari dira. Debagoeineko  ospitalean ama berri, ginekologia eta pediatria solairua guztiz berregokitu da koronabirus gaixoak hartu ahal izateko. 88 ohe gehiago egokitu dira. Gainera, koronabirusaren laginak hartzeko arreta puntu mugikorra jarri da  martxan eskualdean. Laginak osasun arduradunek adierazten duten herritarrei hartuko zaizkie.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!