Oñatiko udala

Debagoieneko Gurutze Gorriak laguntza-produktuen katalogoa handitu du aldi baterako mailegu-zerbitzurako

2022/10/21
Card image cap
Oñatiko Udalaren dirulaguntzari esker artikulu gehiago erosi ahal izan dira

  Debagoienako Gurutze Gorriak laguntza-produktuen katalogoan ortesi eta geriatriako 36 produktu daude egun, Oñatiko Udalaren dirulaguntza bati esker. Laguntza-produktuen mailegua Debagoieneko herritarrek Gurutze Gorriari gehien eskatzen dioten zerbitzua da. Gurpil-aulkiak, taka-takak, makuluak e.a. aldi baterako doan mailegatzen dira. Produktu horien beharra ustekabean sortzen da, gehienetan, eta Debagoieneko Gurutze Gorriak duela urte batzuetatik eskaintzen du. 100 mailegu baino gehiago egin dira urte hauetan. Gero eta pertsona gehiagok eskatzen dute, gero eta ezagunagoa baita.

  Debagoieneko Gurutze Gorriak 4 gurpil-aulki, 5 taka-taka, 18 makulu-pare, 3 makila eta garabi-geriatriko bat ditu dohainik mailegatzeko. Oñatiko Udalaren eman duen dirulaguntzari esker 2 gurpil-aulki eta balaztadun lau gurpileko 3 taka-taka gehiago erosi dira.

  Eskualdeko bizilagunen eskura jartzen den ekipamenduaren gehiengoa, pertsona partikularrek egindako dohaintzen emaitza da, egoera onean dauden eta erabiltzeari uzten dioten artikuluak ematen baitizkio askok Gurutze Gorriari. Erakunde eta enpresen dohaintzak ere jaso ohi dituzte. Artikulu horien mailegua eskatzeko Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri behar da. Maileguaren ohiko iraupena 3 hilabetekoa da, baina luzatu egin daiteke, beharrezkoa izanez gero. Mailegua guztiz doakoa da eta Gurutze Gorriak eskatzen duen bakarra da produktua zaintzea eta premia amaitu bezain laster baldintza onetan itzultzea.

  Mailegu-eskaerak eta material-dohaintzak zuzenean Debagoieneko Gurutze Gorriarekin harremanetan jarrita egin daitezke, telefonoz, 943 76 55 76 zenbakira deituz, edo idatziz, altodeba@cruzroja.es helbide elektronikora mezua bidalita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!