Debagoieneko Gurutze Gorriak %25 gehiago bildu du Urrearen zozketarako txartelen salmentatik

2022/07/21
Card image cap
25.000€-tik gorako diru bilketa egin du, 2013ko errekorra gaindituz

  Gaur arratsaldean Tenerifen egingo da Urrearen zozketa eta horretarako txartelen salmentatik 25.335 euro batu ditu Gurutze Gorriak Debagoienean. Eskualdeko herritarrek Gurutze Gorriak egiten duen lanari ematen dioten babes handiaren erakusle da eta martxan diren gizarte proiektuak sendotzen ditu. Oso eskertuta agertu da Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidentea eta pandemiak osasunarekiko, prebentzio- eta larrialdi-zerbitzuen garrantziarekiko eta kolektibo kalteberen aldeko gizarte-proiektuekiko sentsibilitate berri bat aktibatu duela esan du. Gurutze Gorriak Debagoienean bildutako funtsa Elorregiko egungo ekipamendua mantendu eta hobetzera eta eskualdean kolektibo ahulei zuzendutako gizarte-proiektuak sendotzera bideratuko da.

  Gurutze Gorria prebentzio eta larrialdi-zerbitzuetan aritzen da baina proiektu sozial ugari ere garatzen ditu Debagoienean, kolektibo kalteberen eta gizarte-bazterketako arriskuan daudenen alde. Iaz 525 onuradun baino gehiago izan zituen eskualdean. Erakundeak mugikortasun murriztua duten pertsonentzako garraio egokituko zerbitzuak, tele-laguntza, etxez etxeko laguntza edo laguntza-produktuen mailegua egiten du, alderdi soziosanitarioenean, baina alde solidarioago batetik, kolektibo ahulei arreta ematen die, hala nola adineko pertsonei atxikimendu terapeutikoa eskainiz eta adingabeei eta familiei, eskola-materiala, eskola-arrakastarako zerbitzua edota Gabonetako jostailu-hezitzailearen kanpaina zuzenduz.

  Prebentzio eta larrialdi zerbitzuan ia 70 boluntario ari dira Debagoeienean eta jarduera soziosanitario eta solidarioetan ia 100 lagun. Aurten diru baliabide gehiago izango dituzte Urrearen zozketako txartelen salmentatik lortu den errekorrari esker. Salmenta horretan buru belarri aritu diren lagun guztiei eskerrak eman dizkie Javier Igartua Debagoeneko Gurutze Gorriko presidenteak.

  Urrearen zozketa gaur arratsaldean, 19:00tan egingo da Tenerifen. Lehen saria 3 milioi eurokoa izango da, bigarrena milioi bat eurokoa eta hirugarrena milioi erdi eurokoa. Gainera, sari txiki ugari izango dira. Sariak dirutan edo urrez eskuratzeko aukera izango da.

Iturria. Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!